Domekan jokatuko dute Lekeitioko Beteranoen Trinkete Txapelketako finala
11:00etan hasiko da master mailakoen finala, eta 12:00etan, berriz, beteranoena.
Euskal Herrian egiten den beteranoen trinketeko txapelketa bakarra da Lekeitioko Akarregi Pilota Elkarteak antolatzen duena, eta aurtengoa amaierara heltzear dago. Domekan [martxoak 24] bi final jokatuko dituzte: 11:00etan master mailakoek jokatuko dute, eta 12:00etan, berriz, beteranoek jokatuko dute.
Master mailan Condek eta Jaunarenak jokatuko dute Astigarragaren eta Etxezarragaren aurka. Antolatzaileek azaldu dute aurten dela master maila egiten duten lehenengo aldia: “Aurten bi bikotek eman dute izena maila horretan, eta egin ahal izan dugu. Alde handia ikusten genuen 40 urteko bat 65 urteko baten aurka jolasterakoan, eta horregatik egin nahi izan dugu horrela. Astigarraga da beteranoena, eta aurten 70 urte egingo ditu”.
Hori horrela, partida “polita” izan daiteke: “Astigarragak aurreko urteetan txapeldun izandakoa da, oso jokalari trebea, eta 70 urte egingo dituen arren oso forman dago”. Aurkariak ere “oso trebeak” direla azpimarratu dute: “Jaunarrena ere oso trebea da. Domekaro Nafarroatik Lekeitioraino etortzen da partidak jokatzera, eta guk elkartasuna eta eskertza erakusteko bere herrira bisita egiten dugu. Oso trebea da, asko kontrolatzen du trinketea. Lehia polita izango da masterren finala”.
Bestalde, beteranoen mailan iazko txapeldunek jokatuko dute, Goitiak eta Fosterrek, hain zuzen ere, Latxiondoren eta Malaxen aurka. Fosterrek ia-ia urtero parte hartu izan du txapelketan, eta iaz lortu zuen lehenengoz txapela janztea. Partida “polita” izango dela nabarmendu dute antolatzaileek: “Malax eta Latxiondok iaz parte hartu zuten lehenengoz, eta ez zuten zorterik izan aurrera jarraitzeko. Aurten, berriz, ligaxkan eurak izan dira dominatzaileak”. Goitiaren eta Fosterren aurka, esaterako, 30-15 irabazi zuten, “baina, horrek ez du esan nahi finala horrela izango dela”. Izan ere, lekeitiarrak gorantz joan dira txapelketan, eta azken partidak erraz irabazi dituzte. “Partida polita eta orekatua izango da”.
Gozatzea, helburu. Antolatzaileek azpimarratu dute txapelketaren helburua gozatzea dela, eta ez lehia. Hori dela eta, txapelketa apur bat orekatzeko asmoz, sakea normalean baino atzerago egingo dute: “Sakeak zer ikusi handia dauka, eta horrenbeste tanto sakez egiteko aukerarik egon ez dadin marra apur bat atzeratu dugu. Txapelketa gozatzeko antolatzen dugu, eta ez batak edo besteak irabazteko”.