Korrika Txikiek hartu dituzte kaleak
23. Korrika eskualdera heltzeko ordu gutxi falta dira, baina, horren aurretik Korrika Txikiek girotu dituzte eskualdeko herrietako kaleak.
Ordu eta kilometro gutxi falta dira 23. Korrikak eskualdea zeharka dezan. Beroketa moduan, asteburuan hasi ziren Korrika Txikiz betetzen herrietako kaleak, eta gaurkoan ere ez da gutxiagorako izan.
Markina-Xemeinen 11:00etan elkartu dira ikaslerik nagusienak, San Agustin ermitaren inguruan. Hain zuzen ere, DBH4koek eman diote hasiera Korrika Txikiari, eta pixkanaka maila guztietako ikasleak batuz joan dira ibilbidera. Ikastetxe guztiek bat eginda egin dute ibilbidea, Zelaira heldu eta herriko txikienek lekukoa hartu duten arte; pozari ezin eutsita amaiera eman diete ibilbideari, Arkupean.
Guztiak Korrikako petoa jantzita, oholtzaren inguruan eseri eta Lea Artibai Ikastexeko hiru ikaslek Markina-Xemeingo AEK-ren mezua irakurri dute: “Markina-Xemeingo ikastetxeetako ikasleok zein irakasleok bat egin dugu Korrika Txikian euskararen alde. Korrikak herriaren aldarri alai eta tinkoa izan nahi du: euskararen aldeko mugimendua zabaldu nahi dugu, mugi dezagun euskararen herria, ingurua mugiarazi arte”.
Azterketak Euskaraz kolektiboari ere ezin aipamena egin gabe geratu: “Euskarak bizirik jarrai dezan eskari asko dauzkagu egiteko. Horietako bat 23. Korrikan omentzen den Iparraldeko Azterketak Euskaraz kolektiboarena da. 30 urte daramatzate borrokan, Baroa eta Brebeta euskaraz egin nahi eta behar dituztela eskatzen”. Hori dela eta, “harro, baina ez konforme” daude herritarrak: “Amaitu dezagun, behingoz, euskara debekatzearekin, euskaldunok zonaldeka banatzearekin, euskararen kontrako epaiekin. Elkarrekin eman nahi ditugu horretarako pausoak, euskaraz bizitzeko espazio gehiago ziurtatu. Harro garenaz eta harro egiten dugunaz. Bete ditzagun etxeak eta kaleak euskaraz. Harro arnasgunea den Markina-Xemein eta harro Korrika!”.
Lekeition ere ez dira atzean geratu, eta ikastetxe guztiek batera amaitu dute ibilbidea Independentzia Plazan. Plaza peto koloretsuez beteta, bertsoak abestu dituzte ikasleek; hori gutxi ez, eta dantza ere egin dute. 19:30 inguruan igaroko da Korrika herritik; ordura arte, baina, ez dute aspertzeko astirik edukiko. 17:00etan emango diete hasiera ekintzei, Atean. Abestu eta dantzan egiteaz gain, Mandaskan murala margotu dute ume eta helduek.