Harro egin diote harrera 23. Korrikari Lea-Artibain eta Mutrikun
23. Korrikak 'Harro herri' lelopean goitik-behera eta ezkerretik eskumara zeharkatu ditu Lea-Artibai eta Mutriku. Mota guztietako aldarriek hartu dituzte eskualdeko kale eta errepideak, Azterketak Euskarazen eta Palestinaren aldekoek, bereziki.
Bi urteko itxaronaldiaren ostean, heldu da aurtengoan ere Korrika Lea-Artibai eta Mutrikura. Zazpigarren egunean zeharkatu du eskualdea 23. Korrikak, eta Harro herri lelopean, eta harrotasunez erakutsi dute herritarrek euskararen aldeko borrokak ez duela etenik. Azterketak Euskaraz, Palestinaren aldeko aldarriak eta mota guztietako bandera eta ikurrez bete dituzte eskualdetarrek kale eta auzoetako errepideak eskualdeko kirolari, aisiladi talde, gaztetxe, jubilatuen elkarte, udal eta bestelako talde eta eragileek.
Hain zuzen ere, Mutrikutik sartu zen atzo [martxoak 20] eguerdian korrika. 1553. kilometroan Burumendi Mendi Taldea izan zen lehenengoa lekukoa hartzen, 14:09an. Herriko puntistak ere ez ziren atzean geratu, eta Danok Bat elkarteko kideek harrera ezin hobeagaz hartu zuten Korrikaren furgoneta: zestak airera igo, eta aurkezpen paseoa eginda batu ziren Korrikara. Lekeition ere, portura sartu orduko Isuntzako arraunlariak zain zeuden 23. Korrikara batzeko, eta arraunak horiek ere aurkezpen paseoa egin zieten Korrikako furgonetari.
Horixe da, hain zuzen ere Katalin Casco lekeitiarrari gehien hunkitu zion uneetako bat: “Nire lehenengo aldia izan da Korrikako furgonetan esatari egon naizena, eta oso berezia izan zen. Lekeitiora ordu politean iritsi zen, eta jende mordoa zegoen. Lekeitioko portura Korrika heldu zeneko momentua sekulakoa izan zen. Euskararen aldeko mugimenduak zer nolako indarra duen ikustea sekulakoa izan zen, zenbat jende batu zen hor ikustea. Oso berezia izan da niretzat”.
Casco Gizaburuagan batu zen furgonetara, eta Gizaburuaga, Amoroto, Lekeitio eta Ispaster zeharkatu zituen: “Hasieran urduri egon nintzen, batez ere Korrika heldu aurretik. Urduri, baina pozik. Pozik eta oso eskertuta nire AEKko lankide izan zirenei furgonetan joateko aukera emateagatik”. Lekeitioko portuko momentuaz gain, furgonetara sartu zen unea ere oso berezia izan zen Cascorentzat: “Korrika pasa aurretik beste furgoneta bat pasatzen da, eta bertan zihoan nire Markina-Xemeingo lankide izandako bat. Aspaldi zen ez ginela ikusten, eta momentu horretan eman genuen besarkada oso berezia izan zen”.
Esatari lekeitiarra furgonetara igo aurretik, baina, eskualdeko hainbat herri zeharkatu zituen Korrikak. Mutriku eta Ondarroa arteko kilometroa Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak egin zuen: Hitzaren 20 urteak ospatzeko, urte berean jaiotako 20 urteko hiru gaztek hartu zuten lekukoa. Palestinako banderak eskuan hartuta, esku zabal hartu zuen herritarrek Korrika. Kolore, jai giro eta aldarriak nagusi izan ziren. Txirrimorraskiren urteurrena lau haizetara zabaldu eta kolore eta jai giroan sartu ziren Alde Zaharrera. Radixu Irratiko kideek ere ez zuten aukerarik galdu eta Pablo Gonzalezen aldeko aldarria zabaldu zuten, eta Aurrera Kirol Elkartekoek gozotasunez hartu zuten lekukoa, Xabat Ibarlozaren eskutik.
Berriatuko Udalak, berriz, herrigunera heltzeagaz batera hartu zuen lekukoa, 1568. kilometroan. Herriko kirolariek eman zieten amaiera Berriatuko ibilbidea: Txirrindulari elkarteak, futbol taldeak eta zesta eskolak hartu zuten lekukoa, hurrenez hurren. Berriatua pasa ostean, Markina-Xemeingo Udalaren, aisialdi taldeen, kirol elkarteen, ikastetxeen, enpresen… eskuetatik pasa zen lekukoa herrigunera sartu eta Zerutxu Dantza Taldeak hartu zuenerako. Bekobenta ingurua jendez gainezka, euskararen aldeko olatura batu ziren ehundaka herritar.Â
Herrigunetik atera eta Markina-Xemeindarrek egin zituzten Iruzubietara bitarteko kilometroak ere. Hor, berriz, etxebarritarren eskuetara heldu zen lekukoa; Udalak eta Etxebarriko jubilatuek hartu zuten lekukoa. Amorotar eta mendexarrek ere antzera egin zuten. Amorotarrek Lea ibilbideari jarraituz, Gizaburuaga pasa ostean hartu zuten lekukoa, 19:14 inguruan, 1600. kilometroan, Lekeitiora heldu aurretik. Mendexarrek, berriz, Lekeitio pasa eta Ispasterrera heldu aurretik hartu zuten lekukoa, 20:06 inguruan, 1608. kilometroan.
Jai bete-betean pasa zieten erreleboa etxebarritarrek ziortza-bolibartarrei. Eta ez eurei bakarrik, izan ere, bertan zeuden Venezuelako Kontsulatuko ordezkariak eta bestelako herrietako hainbat latinoamerikar ere. Bizi-bizi elkartu ziren Korrikara, Euskal Herriarekiko eta euskararekiko duten konpromisoa eta elkartasuna erakutsiz.
Txopitturri Munitibarko Guraso Elkarteak sartu zuen lekukoa Munitibarrera, 17:37an. Kolore guztietako bandera, ikur eta aldarriek bete zituzten herriko kaleak, eta Lea Ibaiaren alboan korrika egin zituzten Aulestirainoko kilometroak. Jarraian Aulestira heldu zen Korrika, eta osasuntsu daudela eta erreleboa badutela erakutsi zuten herritarrek. Arratsaldean giroa ondo berotuta, Aulestiko Gazte Asanbladaren eta Ezker Abertzalearen eskuetan atera zen. Gizaburuagan ere harro hartu zuten 23. Korrika, eta udalak ere harrotasunez erakutsi zuen euskarare aldeko borrokagaz bat egiten dutela.
Gaua gero eta gertuago, Lekeitiora 19:30 inguruan heldu zen Korrika. Mota guztietako aldarriek hartu zuten herria. Tartean, pediatra eta emagin falta ere salatu zuten hainbat herritarrek, S.O.S. haur eta emakumeak lelopean. Lekeitioko ibilbideagaz amaitzeko, berriz, Harro eitxen dogu Lekitto euskerien herri lelopean Lekittoko Gazteek pasa zieten lekukoa Mendexarrei.
Ispasterren eguzkiari agur esan eta ilargiaren argipean egin zuen ibilbidea Korrikaren furgonetak. Udalaren eskutik sartu zen lekukoa herrira, eta herritarrak korrikara batu zirenerako, Ispasterko familien elkarteak eta Ispasterko eskolak hartu zuten lekukoa. Eskualdeko azken kilometroa berriz, Zoragarriak Harro taldeko kideek egin zuten, 20:26an, Ispaster eta Earen arteko mugetan.
- 23. KORRIKA MUNITIBARREN
- 23. KORRIKA AULESTIN
- 23. KORRIKA AMOROTON
- 23. KORRIKA GIZABURUAGAN
- 23. KORRIKA ISPASTERREN