Herritarrak, inguruko herriak eta komertzioak dira Lekeitioko aparkaleku sistema berriaren ardatzak
Gune berdeetan aparkatzeko aukera ematen duen pegatina eskatzeko epea apirilaren 9tik maiatzaren 31ra izango da. Gune berdeetan Lekeitioko herritarrez gain, Ea, Mendexa, Aulesti, Amoroto, Ispaster, Munitibar eta Gizaburuagako herritarrek aparkatu ahalko dute.
Lekeition uda garaian herritarrentzat aparkalekua aurkitzea “oso zaila” dela oinarri hartu eta arazoari irtenbidea bilatzeko Lekeitioko Udalak aparkaleku sistema berria ipiniko du hiru hilabetez, zehazki, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean.
Atzo [martxoak 22] aurkeztu zuen udalak sistema berria, eta herriko aparkalekuak gainez eginda daudela zehaztu zuten, eta orain arteko sistemak ez duela “gehiagorako ematen”. Lekeitio azaleraz Bizkaiko herririk txikienetako bat da eta aparkalekuetan errotazio falta dagoela azaldu zuten. “Herritarrek udan kotxea hartu eta herritik alde egiteko beldurra izaten dute, bueltatzean ezingo dutelako aparkatu”.
Sistema berriarekin 400 aparkaleku gehiago egongo dira egoiliarrentzat, eta Lekeitioko biztanleez gain, Ea eta Lea Ibarrako herritarrek izango dute gune berdeetan aparkatzeko baimena. Horrez gain, zirkularzioaren zati handi bat herritik aterako da, kutsadura gutxituz.
Hiru ardatz izango ditu berrantolaketa berriak; herritarrak, inguruko herrietakoak eta komertzio zein ostalaritza. Herritarrei dagokionez, egoiliarren gunea herri guztira zabalduko da eta gune berdea eguneko 24 orduetara luzatuko da. Komertzioei dagokionez, eremu komertzialetan errotazio azkarreko aparkalekuak ipiniko dira (gune gorriak), eta Aulesti, Munitibar, Gizaburuaga, Amoroto, Mendexa, Ispaster eta Eako herritarrek Lekeition “erosketak egitea erraztuko da”. Gainera, kanpoko aparkalekuetan lehenengo hiru orduak dohainik izango dira (gune urdinak), erosketak egitea errazteko.
Guneen antolaketari dagokionez, hiru gune egongo dira:
- Gune berdea: Lekeitio, Ea eta Lea Ibarreko herritarrentzako aparkalekuak 24 orduz.
- Gune gorria: Iraupen mugatua izango du.
- Astelehenetik barikura: 09:30-13:30 eta 17:00-20:00.
- Zapatuak: 09:30- 13:30
- Gune urdina: ordainpeko guneak izango dira (egoiliarrentzako doan)
- 09:00etatik 21:00era ordainpean (lehenengo hiru orduak doan)
- Fideltasun txartelarekin.
- Hilabetea 90 euro.
- Bi hilabete 150 euro.
- Hiru hilabete 180 euro.
- Autokarabanen kasuan 12 euro eguna.
Autorako txartela atera nahi dutenek apirilaren 9tik maiatzaren 31ra bitartean egin ahalko dute Turismo Bulegoan, martitzenetik barikura 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. “Herritar guztiek pegatina berri atera beharko dute gune berdean aparkatzeko”. Bost euro ordaindu beharko da eta betirako izango da, ez da urtero berritu beharko. Ondorengo baldintzak bete beharko dira pegatina lortzeko: udalarekin zorretan ez egotea, ibilgailuaren jabea Lekeition erroldatuta egotea eta ibilgailua Lekeition altan emanda egotea.