Ikasle txiletarren bisita izan dute Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxean
Hogei ikaslek bi hilabete eta erdiko egonaldia egin dute Markina-Xemeinen. Gradu amaierako hamahiru lan egin dituzte ikasleek, formakuntza, bisita eta hainbat informazio eskuratu ostean.
Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxera Txileko Teodoro Wickel unibertsitateko hogei ikasle etorri ziren joan den urtarrilaren 12an, eta barikuan [martxoak 22] itzuli ziren berriro ere euren herrialdera, gradu amaierako proiektua berton egin ostean. Beka programa bati esker, 350 orduko formakuntza egin dute ikasleek, eta inguruko enpresa eta erakundeak bisitatu dituzte bi hilabete eta erdiko egonaldian.
Lea Artibai Ikastetxekoek azpimarratu dute ez dela Txileko ikasleak ikastetxean hartzen dituzten lehenengo aldia, izan ere, “harreman estua” dute Txileko unibertsitateekin 2015. urtetik: “Orain arte Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Tknika zentroaren bidez etorri izan dira, baina, aurten, Teodoro Wickel unibertsitateak eta Lea Artibai Ikastetxeak sinatutako akordioari esker etorri dira”.
Txileko unibertsitateak gradu amaierako proiektua atzerrian egiteko aukera ematen die prestakuntza teknikoko ikasleei, “lan munduan baliagarriak zaizkien ezagutzak eta esperientziak eskura ditzaten”, eta Lea Artibai Ikastetxean helburu hori lortzeko “beharrezkoak dituzten baliabide guztiak” eman dizkiete.
Hori horrela, 350 orduko formakuntza jaso dute proiektuak garatu eta ezagutzak eskuratu ahal izateko. Denbora horretan, berrikuntza, zaintza teknologikoa, bideragarritasun plana eta enpresaren irudia landu dituzte, tutoretza pertsonalizatu baten bitartez. Horrez gain, ikastetxeak inguruko enprsa eta erakundeekin duen “harreman estuari esker”, hainbat bisita egin dituzte: Mendaroko ospitalea, Gautena (Gipuzkoako Autismo Elkartea), Erabil eta Leartiker zentro teknologikoak bisitatu eta ezagutu dituzte, besteak beste.
Guztira hamahiru gradu amaierako lan landu dituzte, eta denetariko proiektuak aurkeztu dituzte: emakumeak ahaldunetzeko aplikazioa, emozioak kudeatzen laguntzeko aplikazioa, kautxu birziklatuzko adreiluak, nekarazientzako jaka bereziak, ume autistei emozioak adierazten laguntzeko panpinak, familiarteko komunikazioa hobetzeko aplikazioa…