Markina-Xemeinen egon diren Done Jakue bideko bisitarien kopurua %7,4 igo da
2023ko apiriletik azarora 6.669 pertsonek igaro zuten gaua Markina-Xemeingo aterpetxean. Udalak goranzko joera jarraitzen duela azpimarratu du, eta pandemia aurreko datuak berreskuratzeko bidean doazela.
Zapatuan, martxoaren 23an, ireki zituen ateak Markina-Xemeingo Done Jakue bideko aterpetxeak, eta Markina-Xemeingo Udalak jakinarazi du aterpetxean gaua igaro duten Done Jakue bideko bisitarien kopurua %7,4 igo dela.
Hain zuzen ere, 2023ko apiriletik azarora 6.669 pertsonek igaro zuten gaua bertan, eta 2022ko datuekin alderatuz gero (2022an 6.238 izan ziren bertan gaua pasa zutenak), %7,39ko igoera eduki du Buzkaiko Done Jakue Bidearen Borondatezko Zaintzaileen Elkartearen datuen arabera. Horietatik 3.037 emakumeak izan dira, eta 3.662, berriz, gizonezkoak. Udalak goranzko joera jarraitzen duela azpimarratu du, eta pandemia aurreko datuak berreskuratzeko bidean doazela; 2019an 7.550 bisitari izan zituen aterpetxeak.
Datuetan, bisitari kopuruaz gain, bisitari bakoitzaren adina, egon diren hilabetea eta jatorria ere jaso dituzte. Hori horrela, 21 eta 30 urte bitarteko gazteak dira aterpetxean gehien egon direnak, 1.689 gazte. Atzetik 31tik 40ra urte bitartekoek (1.289) eta 61etik 70era bitartekoek (1.166) bisitatu zuten. Hilabeteei dagokienez, berriz, udako hilabeteak dira bisitari gehien jaso dituztenak: uztailean 1.140, abuztuan 1.458 eta irailean 1.285. Jatorriari begiratuz gero, berriz, Espainiar Estatuko 1.969 bisitari hartu zituzten iaz, eta beste herrialdeetako 4.730.