'Bixi', fibrosi kistikoari ikusgarritasuna emanez
Ikusgarritasuna eman eta familiei laguntza eskaintzeko Bruselatik Ondarroara arteko ibilbidea osatuko dute bizikletan. Diru bilketa kanpaina martxan dago.
Pedalkadaz pedalkada, hiru herrialde zeharkatuz, fibrosi kistikoari ikusgarritasuna emango dion ekimen solidarioa abiatuko da Bruselatik, 1.314 kilometroko ibilbidea osatu eta Ondarroa izango du helmuga.
Ondarroan baitu kabia ekimenak. Seber Uribek barne bulkadari helduta fibrosi kistikoa dutenei eta haien familiei laguntzeko ekimena abiatzea erabaki du eta ekimena behar bezala antolatzeko lagun arteko taldea osatu dute: Bixi plataforma.
“Gaixotasun ikusezina da eta uste dugu honek bideak mozten dizkigula”.
Gertaera eta pasarte isolatuak batzen direnean, ekimen indartsuak ateratzen dira, eta horrela sortu da, zehazki, ekimena. “Hiru gertaera izan dira abiapuntu proiektuan. Batetik, Sevillako talde batek egin zuen bizikleta ibilbidea fibrosiari ikusgarritasuna emateko. Bigarrena, lankideek proiektu bat eraman zuten Bruselara eta onura batzuk lortu zituzten. Eta hirugarrena, ilobak lau ospitaleratze izan zituen elkarren atzetik, horrek dena hastindu zuen familian”.
Gaixotasun degeneratibo eta ziurgabea izanik, lehenik eta behin, errekonozimendua da eskatzen dutena. “Gaixotasun ikusezina da eta uste dugu honek bideak mozten dizkigula”. Administratiboki eta ekonomikoki laguntzak lortzea izango da ekimenaren bigarren ardatza: zaintzarako pentsio duinak, etxebizitzaren jabetasuna familia eta gaixoaren bizitzarako, fisioterapia eta metodologia ezberdineko terapiak osasun publikoan sartzea eta formakuntza gaixoarentzat eta familiarentzat, tartean. “Europak ikus dezan gaixotasun arraro desberdin guzti hauen errealitateek, gaixoengandik haratago, familia eta inguruari ere eragiten dietela”.
“Bruselako ateak nahi ditugu jo, gure egoera adierazi eta botere publikoen konpromisoa lortzeko asmoz”.
Ekimenari heltzeko 13 etapatan banatutako ibilbidea zehaztu dute, eta Uribek, Aitor Agirreren laguntzagaz osatuko du ibilbidea, baina ez dira ibilbidean bakarrik egongo. “Ibilbidea egunez egun zehaztu dugu eta trenarekin paraleloan duen ibilbidea da, hortaz, nahi duena etor daiteke nahi duen zatia gurekin osatzera. Uneoro jakingo baitute non gauden, gurekin harremanetan ipintzea besterik ez dute izango”. Plataformak hainbat bide ditu ekimenaren berri emateko, web orrialdea eta sare sozialak (Instagram eta Facebook).
Uztailaren 25ean Bruselan aurkeztuko dute ekimena, eta 26an abiatuko duteĀ ibilbidea Ondarroarantz. “Bruselako ateak nahi ditugu jo, gure egoera adierazi eta botere publikoen konpromisoa lortzeko asmoz”. Belgika, Frantzia eta Euskal Herria igaroko dituzte eta hiriburuetan geldialdiak egingo dituzte proiektuaren berri emateko. Familiei laguntzea oinarri izanik, diru bilketa abiatu dute eta laguntzeko aukera dago Bixiren bitartez. “Asteon ipiniko dugu martxan bilketa”.