Danborzaleak: "Pauso bat albora eman eta udalari bere lana egiten uzteko momentua dela deriotzogu"
Portuko obraren testuinguru berriaren eta udalaren jarrera aktiboaren aurrean, "konfiantza eskaini, bidea erraztu eta lan egieko espazioa" zor diotela aitortu dute. "Bidelagun izango gaituzte behar gaituztenean".
Mutrikuko portuaren testuinguru berriaren eta udalak emandako pausuen aurrean, Danborzaleak plataforma “pozik” agertu da eta pauso bat albora emateko unea dela diote, “udalari bere lana egiten uzteko” momentua dela argudiatuz. “Urteetan muturrean izan diren ikuskerak inoiz baino hurbilagokoak diren momentu honek eszenatoki berri eta itxaropentsu batean kokatzen gaitu”.
Herria “nazkatuta” dagoela sentitu dutela eta herriak informazio iturri “bat eta bakarra” edukitzea da nahia. “Herriak ikusi dezala muturretako ertzak bat egin dugula. Sentitu dezala ez duela udalaren eta Danborzaleen arteko hautua egin behar. Jakin dezala aukera bakarra dagoela orain eta aukera hori herria bera dela”.
Parte hartze prozesuan parte hartze aktibo eta eraikitzailea izateko borondatea dute, “herriaren iritzia azaleratzea ezinbestekoa den heinean” eta dikea dagoen lekuan errematatu, inguruaren duintasuna berreskuratu eta erabilera publikoko espazioa defendatzearekin bat egiten dute. “Ez dezagun iparra galdu. Ez gaitezen iraganeko gatazketan kateatu eta eraiki dezagun etorkizuna elkarrekin”. Azkenik, udalaren jarrera aktiboaren aurrean, “konfiantza eskaini, bidea erraztu eta lan egiteko espazioa” zor diotela aitortu dute. “Bidelagun izango gaituzte behar gaituztenean”.
“Sekula” gertatu ez den testuinguru baten aurrean daudela eta, zuhurtziaz jokatu behar dela diote, “min eman eta banandu gaituzten demak” albo batera utzi eta batzen dituzten helburuei begira elkarrekin lan eginez. “Soka albo batera utzi eta egin dezagun arraun denok batera”.