Eskualdeko alkateen arteko elkarlana goraipatu du Bizkaiko Foru Aldundiak
Sei foru diputaturekin bilera eduki dute eskualdeko alkateek garraioaren eta mugikortasunaren inguruan hitz egiteko. Horren ostean, eskualdeko hainbat toki esanguratsu bisitatu dituzte.
Joan den barikuan [martxoak 22] Bizkaiko Foru Aldundiko hainbat ordezkari Leartibai Fundazioko ordezkariekin eta eskualdeko alkateekin ekartu ziren, mugikortasun jasangarriari, garraioari eta turismoari lotutako hainbat gai lantzeko. Azaldu dutenez, “eskualdea hobeto ezagutzera” etorri ziren BFAko ordezkariak: “Eskualdearekin duten harremana estutu nahi dute. Horretarako, talde guztia etorri zen eskualdea hobeto ezagutzera”.
Eskualdeko alkate guztiek bat eginda lan egitea goraipatu zuten foru diputatuek, eta halaxe egin dute Leartibai Fundazioko ordezkariek ere: “Eskualdeko alkate guztiak bat eginda ikusi zituztela azpimarratu zuten, elkarrekin lanean. Hamabi alkateak elkartuta prestatu genuen eguna, eskualdeko erronka komunak identifikatu ostean”.
Hori horrela, barikuan [martxoak 22] 10:00ak inguruan elkartu ziren eskualdeko herrietako alkateak BFAko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo saileko ordezkariekin: Sonia Perez, Leire Saez, Antonio Jaraices, Angel Anero, Sonia Fernandez eta Dicky del Hoyo. Egunagaz hasteko, garraioaren eta mugikortasunaren inguruko bilera egin zuten: “Alde batetik, mugikortasun jasangarriaren inguruan hitz egin genuen, bide berdeei buruz. Bizkai mailako plan bat egiten ari dira, eta eskualderako egon daitezkeen bide berdeen inguruan aritu ginen”.
Horren ostean, garraioari buruz aritu ziren, bi gai desberdinetan banatuta: “Alde batetik, Gababusaren inguruan hitz egin genuen. Azaldu egin genuen udalek finantziatzen dutela, eta laguntza eskatu zitzaien finantzaziorako. Bestalde, Bizkaibusaren inguruan aritu ginen. Bizkaibus zerbitzuan alkateek hobekuntzak egon daitezkeela uste dute. Gai guztietan prestutasun oso ona erakutsi zuten taldeetan banatu eta euren eta udalen artean lanean hasteko”.
Kostatik, barnealdera. Bileraren ostean turismoa hartu zuten hizketagai. Horretarako, eskualdeko enpresetako hainbat ordezkarirekin elkartu ziren turismoaren erronken inguruan hitz egiten. Ondoren, Lea-Artibai eskualdeko hainbat toki esanguratsu bisitatu zituzten, eskualdea ezagutzeko: “Gure apustu nagusiak erakutsi genizkien, azken batean helburua kostaldeko turismoa barrukaldera ere mugitzea delako”.
Hori horrela, Markina-Xemeingo Arretxinagan egin zuten lehenengo geldialdia: “Done Jakue bidea erakutsi genien, eta Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkateak azalpen batzuk eman zituen”. Hortik, Ziortza-Bolibarko Kolegiatara joan ziren, eta han Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko alkateak ere azalpenak eman zituen. Jarraian, Munitibarrera joan ziren Bengola ikustera: “Han Done Jakue bidea alde batetik, eta Lea Ibilbidea bestetik, gurutzatu egiten dira”. Lea Ibilbideari jarraituz, Gizaburuagara joan ziren Bengolea ezagutzera: “Next funtsen bitartez udalak patrimonio hori bereganatu du; Amaia Zabala Gizaburuagako alkatearen eskutik azalpenak jaso zituzten”. Azkenik, Lekeitioko Santa Katalina itsasargira joan ziren: “BFAk Bizkai guztiko errekutso turistiko onenen artean eskualdean izendatuta daukan errekurtsoa da Santa Katalina, eta hori ere erakustera joan ginen”.