Euskal Herri guztiko musikariak igoko dira Elizpe Rock-eko eszenatokira
Apirilaren 13an ospatuko dute aurtengo jaialdia. Bi eszenatokitan banatuta, 16:00etatik aurrera hamalau musika talde entzun ahalko dira.
Badator aurtengoan ere Etxebarriko elizpea rock doinuz betetzen duen jaialdia. VI. Elizpe Rock jaialdia ospatuko dute herrian apirilaren 13an, eta prestakuntza guztiak jada egin dituzte antolatzaileek. Urteroko formatu berdinari jarraituz, bi eszenatokitan eskainiko dituzte kontzertuak. Ordutegia ere, orain arte bezala mantenduko dute: 16:00etan herriko trikiti ikasleek emango diete hasiera jaialdiari, eta jarraian 45 minutuko kontzertua eskainiko du talde bakoitzak.
Formatua berdina izango den arren, antolatzaileek aurtengoan desberdintasun bat nabaritu dute: “Aurten igarri dugu gero eta ezagunagoa egiten ari dela Elizpe Rock, eta horregatik, Euskal Herri guztiko musika taldeak etorriko dira. Eskualdetik, noski, baina baita Hondarribi, Enkarterri eta Bilbotik ere, esaterako”. Gainera, askok eurek eskatu dute Elizpe Rocken parte hartzea, eta antolatzaileek nabarmendu dute horrek asko poztu dietela: “Erantzunarekin oso pozik geratu gara. Talde asko eurak etorri dira Elizpe Rocken parte hartu nahi dutela esatera, eta hori seinale ona da, jendeak Elizpe Rock gustuko duela esan nahi du”.
Hori horrela, hamalau izango dira guztira musikariak: Burbuilak (Aiaraldea), Soa (Mutriku), Dekot (Maruri-Jatabe), Irai (Ondarroa), Frenillo Frakturao (Bilbo), Horzdun (Hondarribia), Aitor Regueiro (Oñati), Aiama (Bermeo), Zaparra (Usurbil), Blakkat Mentxu (Enkarterri), Golden Blend (Bergara), Mäte (Zarautz), Shibari (Ondarroa) eta Mitosia (Lekeitio).
Hamalau talde lotu eta ordutegiak zehaztea lan erraza ez den arren, gogo handiz antolatu dute aurtengoa ere: “Zortez, badira urte batzuk Elizpe Rock-ekin hasi ginela, eta jada esperientzia dugula nabaritzen da. Nahastea izaten da taldeak lotzea, baina aurten nahiko erraza izan da. Gainera, herria beti dago laguntzeko prest, eta hori eskertzen dugu. Esku bat botatzeko prest egoten dira edozein momentutan; auzolanak jarraitzen du”.