Leargik batzar irekiak egingo ditu informazioa eskaintzeko
Lehenengo proiektu teknikoa energia fotovoltaikoaren autokontsumo partekatua egiteko izango da. Apirilaren 12an izango dira batzarrak Lea Ibarrako herrietan.
Leargi Lea Ibarreko energia berriztagarrien komunitateak antolaketaz, proiektu zehatzez eta finantziazioaz aritzeko bilera irekiak antolatu ditu apirilaren 12an. Informazioa eskaintzeaz gain, “irabazi asmorik gabeko kooperatiba herritarrean bazkide egiteko aukera be egongo da”.
Energia berriztagarrien komunitateak gaur gaurkoz 96 bazkide ditu eta Lea Ibarreko bost udalak dira proiektuaren laguntzaileak. “Komunitateak energia trantsizioa sustatu nahi du burujabetza ikuspuntu batetik”, horretarako irabazi asmorik gabeko forma hartuz.
Bazkideek kontrolatzen duten kooperatiba da eta lehenengo proiektu teknikoak energia fotovoltaikoaren autokontsumo partekatua egiteko izango direla zehaztu dute. Instalazio bakar bat izango da erabiltzaile askorentzat, horrek dakarren abantailekin; inbertsio txikiagoa hasieran, lekua aukeratzeko erraztasunak, energia garbia ekoiztea eta kontsumitzea eta enpresenganako menpekotasun gutxiago izatea. “Leargiren helburua ez da bakarrik energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilera; ingurumena babestea eta herritar guztiek euren energia beharrizanak ziurtatuta edukitzea ere badira gure helburuak”.
Kooperatibaren xedea soziala izanik hainbat eremutan jardungo dutela zehaztu dute. Lehenik energia komunitate baten jarduerak garatuko dituzte; herriz herri plaka fotovoltaiko instalakuntzak sortu eta bazkideen artean energia partekatuz. Energia kontsumoan murrizketan ere eragingo dute, eraginkortasun neurrien, prestakuntzaren eta informazio zein aholkularitza zerbitzuen bidez.
Horrez gain, energia berriztagarriei buruzko azterketak eta proiektuak sustatuko dituzte eta ekonomia zirkularra bultzatzeko ekimenak egin. Lekuko beharrei erantzunez, tokiko baliabideak modu kolektiboan, kooperatiboan eta ingurumena zainduz kudeatzeko ekintzak bultzatuko dituzte eta talde zaurgarriak eta baztertuak integratu.
Apirilaren 12ko hitzorduak
- Amoroton 18:00etan, Kultur etxeko goiko aretoan.
- Aulestin 18:00etan, udaletxeko ekitaldi aretoan.
- Mendexan 18:30ean, udaletxeko ganbaran.
- Gizaburuagan 18:00etan, udaletxeko areto nagusian.
- Munitibarren 18:30ean, udal areto nagusian.