Lekeitioko Gaztetxearen V. urteurrena ospatuko dute apirilaren 3an eta 4an
Lekeitioko Gazte Asanbladako kideek egitarau osatua antolatu dute egun horietarako. Ume, gazte nahiz heldu, denentzako tartea egongo da. Apirilaren 4an bertso bazkaria ere egingo dute, Aissa Intxausti eta Aimar Sorazu bertsolariekin.
Bost urte ez dira erraz betetzen, eta hori ospatzeko asmoz Lekeitioko Gaztetxearen V. urteurrena ospatzeko hitzordua jarri dute Gazte Asanbladako kideek apirilaren 3an eta 4an. Egitarau bete-betea antolatu dute; bertso bazkaria ere egongo da tartean, eta bazkarirako tiketak laster jarriko dituzte salgai, 7 euroren truke.
Denetariko ekintzez beteko dute Lekeitio, eta ume, gazte nahiz heldu, denek edukiko dute zer egina egun horietan. Apirilaren 3an 12:00etan mural tailerra egiteari ekingo diete. Bazkalostean, berriz, ikuskizunek beteko dute gaztetxea: 18:00etan Iago Magoa egongo da, eta ostean Manex Astigarragak eta Asierrek umore ikuskizuna eskainiko dute. 20:00etan, berriz, ekitaldia egingo dute. Lehenengo egunagaz goi-goitik amaituko dute Txiltxokoren eta Boomfyah Sound System taldeen kontzertuekin.
Apirilaren 4an kirolari tarte bat eginaz hasiko dute eguna. 11:00etan pala eta pilota ikuskizuna egongo da Ikastolako frontoian. Horren ostean, merkatu plazara joango dira guztiak, eta 15:00etan bertso bazkaria egingo dute Aissa Intxausti eta Aimar Sorazu bertsolariekin. Urteurreneko ekintzak amaitzeko Skarregeasko eta DJ Amataki ariko dira Abaroa plazan, gaua girotzen.