Ligaxka faseak aurrera darrai
Gizonezkoen Euskal Herriko Elite Mailako Zesta-Punta Txapelketako bigarren jardunaldia lehiatu dute Miruaitz pilotalekuan. Hurrengo jardunaldia barikuan [martxoak 29] lehiatuko dute.
Mutrikuko Miruaitz pilotalekua bete-betean murgilduta dago Euskal Herriko Elite Mailako Zesta-Punta Txapelketan. Iragan barikuan [martxoak 22] lehiaketako bigarren jardunaldiari dagozkien norgehiagokak lehiatu zituzten. Beste bariku batez, ikusleek ez zuten hutsik egin, eta jarraipen polita eman zieten partiduei frontoiko harmailetatik. Lau partiduz gozatzeko aukera paregabea eduki zuten bertaratu ziren zesta-puntaren jarraitzaileek.
Lehenik eta behin, Txanikak eta Mandiolak osaturiko bikoteak 25-30eko markagailuagaz irabazi zien Zelaiari eta Bailori. Bigarren neurketan, Cosmek eta Susok 21-30 galdu zuten Antxonen eta Urangaren aurkakoan. Hirugarren partiduak Urreisti-Cabanellas eta Hernandez-Mantzisidor bikoteak elkartu zituen; bigarrenek irabazi zuten, 26-30ekoagaz. Laugarren eta azken norgehiagokari dagokionez, Aaronen eta Lekuek osatutako bikoteak ezin izan zion Goitiak eta Atainek osaturikoari aurre egin; bigarrenek poltsikoratu zuten garaipena, 23-30eko markagailuagaz.
Barikuan [martxoak 29], aurrera egingo du txapelketaren ligaxka faseak. Ligaxkan lortutako puntuazioaren arabera, multzo bakoitzeko bi aurrelari eta atzelari onenekĀ finalerdiak jokatuko dute apirilaren 12an; final handia, ostera, apirilaren 19an izango da, 19:00etan.