San Joanetan sua egiteko baimenak eskatzeko epea zabaldu dute Ondarroan
Apirilaren 30a izango da eskaerak aurkezteko azkenengo eguna. Udalak zehaztuko ditu guneak eta gomendio zein betebeharrak ezarri ditu.
San Joan bezperako sua egiteko baimena eskatzeko epea zabaldu du Ondarroako Udalak eta apirilaren 30a (13:00) izango da eskaerak aurkezteko azkenengo eguna. “Eskatzailearen ardura izango da, norbanakoa izan edota elkartea izan, suaren antolaketa, materiala pilatzen hasten diren unetik sua itzaltzen den unera arte”.
Suaren eremua udalak mugatuko du. “Eraikin, ibilgailu, argindar linea edo landaredi altuetatik urrun kokatu beharko da sua. Gutxienez, sutarako egur pilaketaren altuera baino bost aldiz urrunago”. Horrez gain, sutara zein ingurura piroteknia objektuak, esprai, ontzi, zabor edo plastikoak botatzea debekatu dute, “arriskutsuak izateaz gain, ke toxikoak sor ditzaketelako”.
Bi bide zehaztu dituzte eskaerak aurkezteko; aurrez aurre edo telematikoki. Baimena eskatzen duen norbanako edo elkarteak udalak ezarritako betebeharrak eta gomendioak bete beharko ditu, eta ez betetzeak hurrengo urteetarako baimenik ez ematea ekar lezakeela zehaztu dute. “Epea apirilaren 30ean amaitzearen arrazoia da, herrigunean eskumena daukaten beste administrazio publiko batzuekin udalak egin beharreko izapideak behar den modura eta dagozkion epeen barruan egiteko denbora izatea da”.