Zabalik dago Markina-Xemeingo Baserri Egunean postua jartzeko eskaera epea
Maiatzaren 11n izango da Baserri Eguna. Produktuak jarri nahi dituzten ekoizleek apirilaren 9ra arte aurkeztu dezakete eskaera. Abeltzainek, berriz, apirilaren 8tik 10era.
Maiatzaren 11n ospatuko da aurtengoan Markina-Xemeingo Baserri Eguna; 10:00etatik 15:00etara mota guztietako ekoizle eta abeltzainek beteko dituzte herriko kaleak. Egitarau osoa aurrerago jakinaraziko duten arren, postuak jartzeko eskaera epea zabaldu du Markina-Xemeingo Udalak.
Produktuak saldu nahi dituztenek apirilaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera udaletxeko Berton bulegoan 08:15etik 14:30era edo email bitartez, udala@markina-xemein.eus helbidera idatziz. Eskaera orriaz gain erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko dute. Abeltzainek, berriz, apirilaren 8tik 10era bitartean aurkeztu beharko dituzte eskaerak, Lea-Artibai Landa Garapen Elkartaren bulegoan (Xemein Etorbidea 12 A, lehenengo pisua) edo landagarapena@leartibaifundazioa.eus helbidera idatziz.
Azokan BBK-k utzitako hemezortzi etxola jarriko dituzte. Partaide bakoitzarentzako postu kopurua antolatzialeek erabakiko dute; parte hartzen duten postuek ez dute lurraren truke inolako tasarik ordaindu beharko. Hala, lau izango dira gehienez ere okintza eta gozogintza postuak, beste lau esne eta esnekienak, bina edari, ortuari eta fruta eta haragikienak, eta bana eztia, kontserbak, ahatekiak eta beste produktu batzuenak.
Animalien kasuan, berriz, herriko animaliek izango dute lehentasuna eta dietak jasoko dituzte. Sei hilabetetik gorako behi, txahal eta idiek 115 euro jasoko dituzte buruko, sei hilabetetik gorako behor, mando, asto eta poniek, 75 euro buruko, sei hilabetetik gorako ardiek, 120 euro aldrako (zazpi ardi eta aharia), sei hilabetetik gorako ahuntzek, 120 euro aldrako (zazpi ahuntz eta akerra), eta txerriek berriz, 75 euro aldrako (ama eta kumeak).
Horiez gain, euskal arrazako etxabereengatik ere dieta jasoko dute. Oilo, untxi, antzar eta ahateek lote bakoitzeko (bi bikote eme eta ar bana) 60 euroko jasoko dituzte; ahuntzen lote bakoitzeko (bost ahuntz eta akerra), 150 euro; sasi ardiek, ardi Latxak eta Karrantzanak, 150 euro loteko (bost ardi eta aharia).
Eskaera orriak, oinarriak eta informazio gehiago www.markina-xemein.eus helbidean jarri dituzte eskuragarri.