Jagoba Arrasatek ez du Osasuna entrenatzen jarraituko
Berriatuarrak atzo [martxoak 26] prentsaurrekoan eman zuen jakitera ez duela talde nafarrean jarraituko sei denboraldiren ostean.
Aurtengoa izango da Jagoba Arrasateren azken denboraldia Osasunan, sei urteren ostean ez du taldea entrenatzen jarraituko. Berriatuarrak atzo [martxoak 26] prentsaurrekoan eman zuen jakitera bere erabakia, Luis Sabalza presidentea eta Braulio Vazquez kirol zuzendaria alboan zituela.
Hain zuzen ere, klubak jarraitzeko eskaintza egin zion, baina entrenatzaileak pentsatzeko tarte bat eskatu zuen eta azken erabakia ezezkoa izan da. “Oso eskertuta nago. Ez da erabaki erraza izan, egun zailak izan dira. Baina ez nengoen konbentzituta segitzearekin, eta horrela ezin dut nire onena eman. Eta, hala, ezin dut taldearen onena atera. Jakitun nago Osasunatik irteten denak galdu egiten duela. Baina zintzo jokatu behar dut neure buruarekin eta klubarekin. Erabakia nirea da, eta uste dut onena dela denentzat”.
Arrasatek aitortu du urtea “zaila” izan dela. “Segida eman nahi genion iazkoari, eta zailtasunak izan ditugu. Emaitzak lortzea kostatu egin zaigu. Klubak muga batzuk ditu, eta aurtengoa agian errealitate kolpe bat izan da”. Era berean, esan du “lasai eta bakean” dagoela eta “une egokia” aurkitu duela. “Nik zera nahi dut: ondo joan. Horrek atea irekita uzten baitu etorkizunean berriro bueltatzeko. Hemen zoriontsu izan naiz, eta hori oso garrantzitsua da niretzat eta nire familiarentzat. Osasunak, gainera, pertsona eta entrenatzaile hobea egin nau».
Sei urtetan berriatuarrak bigarren mailatik igoera lortu du talde gorritxoagaz, lehen mailan egonkortu du taldea, Kopako finala jokatu du, Superkopa baita Europako txapelketa ere. “Uste dut sei urte hauetan asko gozatu dugula, eta elkarri lagundu diogula hobeak izaten”. Urte hauetan izandako momentu “onena eta hunkigarriena” Kopako finala jokatzea izan zela berretsi du, eta zailena, hamahiru partida irabazi gabe eman zituztenekoa: “Baina hortik ere atera ginen”.
Hala ere, bederatzi partida geratzen zaizkio aulki gorritxoan jesartzeko, eta ez du hortik aurrera pentsatu nahi. “Hau ez da agur bat, eta bederatzi partida geratzen dira amaiera on bat egiteko. Ziurrenik, orduan okerrago egongo naiz, jabetuko bainaiz hau amaitu dela. Entrenatzen jarraitu nahi dut”.