Oihala, zabaltzear; argia, piztear; oholtza, prest
Apirilaren 1etik 6ra artean egingo dute, Aulestin, XIX. Artedrama Euskal Laborategia. Agertoki bitan egingo dituzten emanaldiek eta antzerki eskolek osatuko dituzte topaketak.
Hemeretzi urte ez dira berehalakoan betetzen. Hemeretzi urtek askotarako eman dezakete. Bideak berak, bere txikitasunean, baduelako handitasunetik. Gordetzen duelako ospatzeko motiborik. Artedrama Euskal Laborategiak (ADELek) hemeretzigarren ekitaldia egingo du aurten. Beste berba batez: Aulesti antzerkiaren habia bihurtuko da hemeretzigarrenez. Apirilaren 1etik 6ra bitartean egingo dute aurtengo ADEL. Ohiko formatuari eta egitarauari eutsiko dio 2024ko aldiak, baina zenbait berrikuntza ere txertatuko dizkiote. Antzerkigintza, euskaltzaletasuna eta herrigintza ardatz dituen proiektu horren atzean dago, besteren artean, Ander Lipus markina-xemeindarra. Azaldu duenez, beste urte batez, garro bi edukiko ditu ADELek: alde batetik, denetariko antzerkiz osaturiko egitaraua egongo da; bestetik, ikasleei zuzendutako antzerki eskolak.
Azken tentakulu horrek, hain zuzen ere, arreta deitzen du Euskal Herri osoan. Izan ere, hamaika txokotik izena ematen dute ikasleek. Aurten ere, eskoletan parte hartzeko eskakizuna “oso zabala eta, gainera, anitza” izan da: “Han-hemendik, pila bat eskaera jaso ditugu, izena emateko epea zabaldu genuenez geroztik; azkenean hamasei ikasle egongo dira Aulestin. Profilei dagokienez, denetarikoak egongo dira, ikasle nahiz antzerzizaleetatik hasita, ofizioan sakontzea helburu duten antzezle profesionaletaraino. Denek dute beren lekutxoa ADELen aterkipean”.
Iazko ikasleen batez besteko adina hogei urte ingurukoa bazen, aurten apur bat handiagoa izango dela iragarri du Lipusek. Bestalde, bera izango da eskolak emango dituzten sei irakasleetako bat. Zortzi orduz elkartuko dira, denetarikoak lantzeko. Klasez kanpo ere, “uneoro” hainbat iturri izango dituzte, bertatik edateko, Pazko Astean zehar Aulestin “nonahi suma baitaiteke antzerki kutsua“.
Ander Lipus: “Antzerki eskolak, zelan edo halan, askatasun ariketa baten pareko dira”
Eskolak muga guztiak ahazteko eremu izango dira hala ikasleentzat, nola irakasleentzat: “ADELek ez du muga geografikoen inguruan deus ulertzen, ikasleak, esate baterako, Ipar Euskal Herritik ere bertaratuko baitira; muga estilistikoek ere ez dute lekurik, antzerkiak hainbat adar ukitzen baititu eta irakasle bakoitzak alor edota langai jakin batzuk onduko dituelako. Zelan edo halan, parte hartzen duten guztientzat, askatasun ariketa baten pareko dira eskolok”.
Lipusegaz batera, Kepa Errasti, Iñaki Ziarrusta, Amaia Bono, Amaia Lizarralde eta Ainhoa Alberdi ariko dira irakasle. Ikastaroak egiteko, beste behin, Lea Espazioa baliatuko dute, «”une lasai, eroso eta zeharo egokia”. Ez hori bakarrik: Ubilla Aterpetxean egingo dute lo, eta herriko tabernak ere aisialdi eremu izango dituzte, “sorkuntzaren radarra edonon aktiba daiteke”. Antzerki eskolak “barrura begira” egiten diren arren, Lipusek Aulestiko Udalaren eta aulestiarren parte hartzea du hizpide: “Astebetez, udalerri osoa ADELegaz batera aritzen da lanean, bertatik bertara. Herritarren jarrera txalogarria eta eskertzekoa da, herri antzerkizalea eta, batez ere, kultur konpromisoduna dela frogatzen dute”. Kanpora begiratzen duen aurpegia ere badu, dena dela, ADELek. Izan ere, punta-puntako antzerkiz osatutako egitaraua antolatzen dute urtez urte.
Udal aretoko obrak doakoak izango dira, eta frontoiek bost euroko prezioa dute; sarrerak Iluntzar tabernan salgai daude, eta egunean bertan ere eskuragarri egongo dira
Obretara doitutako oholtza.
Azken ekitaldiotan ez bezala, aurten, pilotalekuaz gain, udal aretoan ere egingo dituzte antzerkiak. Ekoizpenik handienak frontoian izango dira, asteburuan, baina aretokoek ere “asko” edukiko dute erakargarritik, astelehenetik eguenera artean: “Proposamen apal eta intimoak izango dira, tokiari darion xarmagaz batera”. Gainera, zenbait irakasle oholtzara igoko dira.
Udal aretoko antzezlanek doako sarrera edukiko dute. Bariku eta zapatukoetarako, ostera, bost euro ordaindu beharko dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude, Ilunzar tabernan. Hori bai, egunean bertan “arazo barik” eskuratu ahalko dira.
Kepa Errastik eta Xake Produkzioak Postdatarik gabeko gutunak lana taularatuko dute astelehenean. Antzezle bi ariko dira agertokian: “Lanak Errastik gorputzen duen aktorearen monologo itxura du, baina Nerea Ariznabarretaren esku hartzea ere azpimarratzekoa da”. Martitzenean, Ixa Bella Piztia-ren txanda izango da. Ainhoa Alberdik Japoniako Butoh Dantzaren inguruko hogei minutuko saioa emango du. Bigarren Mundu Gerra sasoian sortutako dantza errituala da, japoniarrek heriotzaren dantza deitzen diotena. Jarraian, Laura Peganos antzezle euskaldun-kolonbiarraren Putaren bakarrizketa eroetxean obraren txanda izango da.
Eguaztenean, Iparraldeko Iduzkilore Antzerki Taldeak eta Maika Etxekoparrek zuzendutako Ihesi obra emango dute. Data berezia izango da, Lipusek dioenez: “ADELek Ipar Euskal Herriko konpainiei eta antzerkigintza amateurrari beti tokia gordetzen dio; kasu honetan, premisa biok beteko dituzte lan berean”. Eguena kritikaren eta satiraren eguna izango da. Belarriprest lanean, Amaia Bono gasteiztarrak “euskaldun berri baten gorabeherak” gorpuztuko ditu.
Estreinaldi bat ere egongo da Aulestin: Jon Gerediagaren lan bat oinarri duen Marmarra aurkeztuko dute Bilboko Atx Teatroak eta Iñaki Ziarrustak
Frontoia izango du epizentro antzerkiaren lurrikarak bariku zein zapatuan. Toki handiagoa eta edukiera jendetsuagoa duena izanik, obrak eurak ere ekoizpen aldetik zabalagoak izango dira. Zuberoako Bonbon Beltz Antzerki Taldeak Gure Xaharrak taularatuko du. “Lanaren estetika adineko pertsonentzako egoitza batean kokatzen da. Gainera, panpina erraldoiak erabiltzen dituzte; formatu bitxi, interesgarri eta ikusgarria da”, azaldu du Lipusek. Zikloa estreinaldi bategaz zarratuko dute. Jon Gerediagaren lan bat oinarri duen Marmarra aurkeztuko dute Bilboko Atx Teatroak eta Iñaki Ziarrusta zuzendariak. “Beldurrarekiko mendekotasuna izango du langai”, argitu du.
Oihala zabaltzear da. Argiak piztear daude. Ikuslea antzerki gosez dago. Eta Aulesti, berriz, urteko asterik magikoenetako baten egarri da.
EGITARAUA
Apirilak 1, astelehena.
21:00. Postdatarik gabeko gutunak (Xake Produkzioak), udal aretoan.
Apirilak 2, martitzena.
21:00. Ixa Bella Piztia (Ainhoa Alberdi), udal aretoan.
Ondoren. Putaren bakarrizketa eroetxean (Manvcodiata Antzez-Sorkuntza), udal aretoan.
Apirilak 3, eguaztena.
21:00. Ihesi (Iduzkilore Antzerki Taldea), udal aretoan.
Apirilak 4, eguena.
21:00. Belarriprest (Amaia Bono), udal aretoan.
Apirilak 5, barikua.
22:00. Gure Xaharrak (Bonbon Beltz Antzerki Taldea), frontoian. Sarrera: 5 euro.
Apirilak 6, zapatua.
22:00. Marmarra (Atx Teatroa), frontoian. Sarrera: 5 euro.