Lea-Artibai Txallengea: zertarako aldatu ondo funtzionatzen duena
Bihartik [apirilak 12] domekara arte [apirilak 14] lehiatuko dute lasterketa iazko antolaketa berdinagaz, Lekeitioren sarreragaz. Antolatzaileak «apur bat urduri, baina ilusioagaz» daude.
Berritasunak beti dira ongi etorriak, batez ere ondo funtzionatzen dutenean. Iaz lehen aldiz sartu zen zuen Lea-Artibai Txallengean Lekeitio Lekeitialdea txirrindulari elkartearen 50. urteurrenean. Aurten ere errepikatu nahi izan dute Berriatuko eta Markina-Xemeingo elkarteekin batera. Laugarren aldiz antolatu dute lasterketa, bihar [apirilak 12] hasi eta domekara arte [apirilak 14].
Egun bakoitzean herri batetik atera eta iritsiko dira. Bihar [apirilak 12] erlojupekoagaz errepikatuko dute, kadeteak 16:00etatik hasita eta nagusiagoak 17:00etan, biek ala biek herri arteko 4,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute plazatik irten eta Santa Katalina itsasagira arte.
Etzi [apirilak 13] Berriatuaren txanda helduko da. 09:45ean aterako dira gazteak 42,5 kilometroko ibilbidea egiteko, Mereludiko gana tarteko. Juniorrak 11:30ean hasiko dira eta 70 kilometroetan Mereludiz gain, Asterrikako igoera izango da batez ere erabakigarria. Azkenik, domekan [apirilak 14], 09:30ean helduko zaie gazteenei txanda eta beste 42 kilometro egin beharko dituzte, ostera ere Mereludi igoko dute. Azken egunekoa izango da lasterketarik luzeena, eta gogorrena ere, hankak bi eguneko nekea dutenean: 82 kilometro, Mereludira igoera bat eta Gontzogaraiganera bi. Hain zuzen ere, lasterketak emakumeen Euskaldun Torneorako puntuagarria izango da.
200 txirrindulari inguruk zeharkatu dituzte eskualdeko errepideak
Hain zuzen ere, txapelketako jardunaldi bakarra jokatu da eta duela hilabete eta erdi. Errenteriak hartu zuen lehendabiziko proba. Orain, berriz, Lea-Artibai Txallengeko hirurak izango dira puntuagarriak. Gaur egun, kadeteetan Goenaga Yogurrak etxeko Elena Cuenca da liderra eta Baque Team taldeko Ainhoa Sanz gazteetan. Hau da, Gipuzkoako lehen probako txirrindularirik onenak.
Tropel koloretsua. Hau da, 200 txirrindularik zeharkatu dituzte Lea-Artibaio errepideak. Eta ez da bakarrik kopurua, baita nondik datozen ere: Kantabria, Huesca, Katalunia… Tropel koloretsua osatuko dute. Horregatik, agian «apur bat urduri» daude antolatzaileak, baina, era berean, «ilusio handiagaz». Aurtengo txirrindulari kopurua Lea-Artibai Txallengak hartzen ari den garrantziaren seinale da, eta antolakuntzatik nabaritzen dute kirolariek gustuko duten lasterketa dela eta ondo zaintzen dituztela.
Alde horretatik, iaz martxan jarritako Lekeitioko etapa erlojupeko formatuan beste aldagai desberdintzaile bat eman dio lasterketari. «Beti esaten digute txirrindulariak ez daudela ohituta erlojupekoak egitera eta aukera ona dela ere gainontzeko etapei begira estrategia desberdinak lantzeko». Gainera, hiru etapako itzuli txiki bat da eta ez du atseden hartzeko astirik uzten, are gutxiago Lea-Artibaiko errepide gorabeheratsuetan.
Lekeitialde txirrindulari elkarteak eta Lekeitioko Udalak berehala eman zuten baiezkoa iazko errezeta mantentzeko. Hori bai, aurten antolatzaileek ibilbide zirkularra egitea lortu dute, iazkoa joan eta etorrikoa izan baitzen. «Nahiz eta antolakuntzarako zailagoa izan, azkenean bideak denbora luzeagoz itxita mantendu behar direlako, uste dugu txirrindularientzako eta ikusleentzako politagoa izango dela».
Lasterketa irekia. Lau kilometro besterik ez dira, baina azaldu dute denentzako errepideak egongo direla, ibilbide teknikoagoa eta pedalei eragiteko errepideak ere. Berriatukoa ohiko ibilbidea izango da Ondarroako joan eta etorriagaz eta Lekeitioko inguruak pasatuz. Hurrengo egunean ibilbide bera egingo dute kontrako noranzkoan, eta orduan bai Milloiko igoeral aldeak ezarri ahal ditu azken kilometroetan delako.
Hori bai, nagusietan Asterrikako igoera erabakigarria izan daiteke, tarte handiegiak espero ez badituzten ere. «Asterrika igoera gogorra da, baina laburra, eta batez ere helmugatik hurbil dago. Horrenbestez, izan daiteke tropel handi bat heltzea bertara eta gero indartsuenek aurrera egitea». Hori ere positiboa da lasterketarentzako, Markina-Xemeingo azken etaparako dena zabalik egoteko aukera egongo baita. Beste urte eta lasterketa batzuetan bezala, Gontzugaraiko igoera izango da erabakigarria: «Lehen igoeran talde estrategiak egiteko aukera ona izan daiteke, eta bigarrenean indartsuenak bakarrik geratuko dira».
Lea-Artibaiko lurrak lagunduko du ikuskizuna ematen eta zerua ere lagun izan dute. «Eguraldi oso ona dago emanda, eguzkitsu eta haize askorik gabe, hau da, txirrindularitzan aritzeko eguraldi bikaina. Gainera, euririk ez egotea beti da ona jaitsieretarako, arriskuak ekiditeko».
Beste alde batetik, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dituzte udal, laguntzaile eta babesleei. Hala ere, Markina-Xemeingo etaparako boluntario bila daude. Izena eman nahi dutenek mezua bidali behar dute mxtxirrindulari@gmail.com posta elektronikora. «Boluntarioak lasterketa hasi baino ordu bete arinago elkartuko dira, bakoitzari dagokion bidegurutzea esan eta behar diren segurtasuneko txalekoak eta banderatxoak banatzeko. Gero, bakoitza dagokion bidegurutzera joan beharko da, bakoitzean, lagun bat baino gehiago egongo da».