Ainara Santamaria: "Bizitza ulertzeko modu bat da, bizitza lehenesten duen liburu bat"
Berriatuarrak ‘Ez dadin bizitza eten’ liburua aurkeztuko du apirilaren 25ean, 18:30ean, bideo gelan. Miren Aranguren eta Monika Mendiberrigaz batera idatzi du zaintzen inguruko liburua.
Zelan sortu da Ez dadin bizitza eten?
Iratzar Fundazioak sortzen duen bilduma baten enkargua izan zen liburua ateratzeko aitzakia. Azaroaren 30eko Greba Feministaren aurretik gaia mahaigainean jarri nahi izan zuten. Emagin-ek urte asko daramatza zaintza sistemari buruzko hausnarketak eta diagnostikoak egiten, eta herri askori gai hori buruzko laguntza eta aholkuak ematen; ikertzen eta formakuntza eskaintzen, azken batean. Iratzarreko kide bat gure hitzaldi batean egon zen eta gustuko izan zuen gure ikuspuntua eta gaia lantzeko estiloa. Gero, testu bat egitea proposatu ziguten.
Zer aurkitu daiteke liburuan?
Bizitza ulertzeko modu bat da, bizitza lehenesten duen testua. Bizitzako ongizatea eta bizitza bera erdigunean jartzen dituen liburua da. Hain zuzen ere, horri eusteko zaintzak daukan garrantzia azaltzen da. Bertan, Euskal Herrian dugun zaintza sistema azaltzen da: zelan antolatzen den, zergatik hitz egiten dugun zaintza krisiaz, zeintzuk diren gabeziak, hiperfeminizazioa, pribatizazioa, familiarizazioa… Ahulgune horien gaineko irakurketa da, eta amaieran bai agertzen dela ikuspegi feminista batetik sistema publiko komunitario baten aldarrikapena zergatik egiten den, baita bere inguruko gogoeta txiki bat ere. Liburua hiru zati nagusitan banatuta dago, baina azken finean, bizitzaren sostengarritasunaren kezkatik sortutako eta horri eusteko gauza asko aldatu behar direla agerian uzten duen testua da.
Liburuan bizitzak jarri nahi dituzue erdigunean.
Zaurgarritasunari buruz hitz egiten hasten gara, guretzat funtsezko ideia delako. Hein handi batean, uste dugu autonomia fikzio batean bizi garela, eta badirudi garapena edo ondobidea autosufizientzian dagoela oinarrituta, eta ez dugu ulertu elkarrenganako menpekotasun edo ekodependentzia ikuspegi batetik. Uste dugu gizakiok eta gure bizitzak autonomoak direla. Gure mundua infinitua bailitzan bezala jokatzen dugu. Ez ditugu gure bizitzak erdigunean jartzen, bakarrik produktibitatea edota irabazien metaketa, adibidez. Hor sortzen da gatazka handi bat gaur egun. Gure bizitzako benetako lehentasunen eta sistemak ezartzen dituen horien arteko etengabeko gatazka da. Ezintasun horretan emakumeen lanari esker–heldu eta arrazalizatuena batez ere–, eusten diogu gaur egungo sistemari. Baina hark ez digu esfortzu hori ez ikusten, ez aitortzen.
“Nahikoa era bateratuan idatzi dugu, gure artean idazteko eztabaidatzeko bide bat izan da”
Hiru pertsonaren artean idatzi duzue, zelan egin duzue idazketa lana?
Nahikoa era bateratuan idatzi dugu, gure artean idazteko eztabaidatzeko bide bat izan da. Lehenengo, ideia garrantzitsuenak elkartu genituen, eta gero bakoitzak atal baten ardura hartu zuen idazteko. Hori bai, behin eta berriro errepaso bateratuak egiten genituen. Horrek ematen zigun hausnartzeko tartea eta behar izanez gero, aldaketak edo osaketak egiteko aukera. Hilabete ugariko lana izan da, eta zaintzari buruz hausnartzeko balio izan digu. Bestalde, garrantzia ematen genion gai honen inguruko liburua euskaraz idazteari. Bibliografia asko erderaz daudeeta guk euskeraz eta hizkuntza errazean idatzi nahi genuen. Gai honetan asko sakondu ez duen pertsonak ulertzeko moduko liburua izatea nahi genuen. Hasieran pentsatzen genuen asko kostatuko zitzaigula orrialde kopuru jakin batera heltzea, baina, gero, labur geratu zaigu. Lan kolektiboa da. Argi geneukan, adibidez, zaurgarritasunaren ideiatik hasi nahi genuela. Hori da lehen kapitulua, gaian sakontzeko markoa ematen diguna.
Puri-purian dagoen gaia da: greban eta M8ko aldarrikapenetan ere indarra izan zuen.
Azkenaldian ikusgarritasun handia hartu duen gaia da, eta, hein handi batean, mugimendu feministaren ahaleginari eta aldarrikapenari esker izan da. Eta eskerrak horrela dela, espero dut geratzeko etorri den gaia izatea, oraindik asko dagoelako hobetzeko. Bizitzari eusteko ardatzetako bat da zaintzari buruz pentsatzea–zelan antolatuko dugun–, parekotasun ezari edo bidegabekeriei aurre egitea. Uste dut epe laburrera begira ezinbesteko erronka dela gizartearentzat.
Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrerako diseinatutako liburua da?
Helburua ez zen aurretik kaleratzea, baina uste genuen tresna interesgarria izan ahal zela, ez bakarrik egun horretarako, baizik eta, epe ertain eta luzera. Herrietan zaintzari buruzko eztabaida eta hausnarketarako baleko liburua dela esango nuke. Ongi etorria izan zen greban, baita aurrerago ere.
Inflexio puntua izan al zen A30eko Greba Feminista Orokorra?
Bai. Batez ere, zaintzaren gaia agenda sozialeko lehen lerrora ekartzeko balio izan zuelako. Atxikimendu asko sortu zituen eta zaintzaren inguruan kezkatuta dauden norbanako horien indarra batzeko modu bat izan zen. Inflexio puntu bat izan zen, zalantza barik. Prozesuan eta mobilizazioetan agerian geratu zen zenbat dagoen aldatzeko eta hobetzeko. Greba Feminista izatea garrantzitsua da, hau da, ez bakarrik orokorra izatea, zaintzak batez ere hiperfeminizatuta dauden esparruak direlako. Mugimendu feministak erantzukizuna eta ahotsa hartzeak logika guztia dauka, emakume askoren bizi baldintzei lotuta dagoen aldarrikapena delako.
“Eztabaida honetarako beste ekarpen bat da hau, eta kaleko mugimendu hori sartu nahi izan dugu, jakinda oraindik asko falta dela eztabaidatzeko, adosteko eta erabakitzeko”
Eta jarraipena izan zuen martxoaren 8an ere.
Hori da. Oraindik lantzeko asko dago, eta, batez ere, gero eta zabalduagoa dagoelako bizitza prekarioaren eta ezintasunaren gaia, zaintzena eurena, azken finean. Gero eta jende gehiago konturatzen ari da dagoen arazoa larria dela, eta zalantza barik geratzeko etorri den gaia dela. Ez da eslogan bat, ez da egun batera mugatzen den aldarrikapena. Gizarte mailan konpontzeko eta antolatzeko dugun arazo potoloenetarikoa dela esango nuke. Ez da posible gaur egun dugun bizitza eta kapitalaren arteko etengabeko kontraesan horretan sakontzen jarraitzea, hein handi batean, jende askoren artean ondoeza sortzen duelako, zaintza barik ez dagoelako bizitzarik.
Pozik zaudete emaitzagaz?
Bai, eta batez ere eta are gehiago sakontzeko gogoekin. Aitortu nahi dut bereziki inspirazio iturri izan direla mugimendu feministako eztabaidak, aniztasun funtzionaleko mugimenduetatik egiten direnak, komunitarioei buruz hausnartzen duten akademikoen gogoetak eta, bereziki, herri askotan ezagutzen ari garen zaintzen lehen lerroan dauden emakume askoren bizipenak. Nolabait horien guztien ahotsa ekarri nahi izan dugu; guk ez dugu ezer asmatu. Hein handi batean hemen ez daude ertz guztiak, eztabaida honetarako beste ekarpen bat da hau, eta kaleko mugimendu hori sartu nahi izan dugu, jakinda oraindik asko falta dela eztabaidatzeko, adosteko eta erabakitzeko. Liburua horretarako lagungarria bada, gu pozik gaude.
Eta zelako erantzuna jaso duzue?
Egia da grebatik hurbil izan zenez, hasieran apur bat eromena izan zela. Hasieratik oso ondo hartua izan da eta oraindik horrela jarraitzen du, beste patxada batekin, hori bai. Gaiak bizirik jarraitzen du eta ikusten dugu herriz herri zabaltzen doala. Gainera, liburuak tresna izaera duenez, tokian tokiko lehentasunak eztabaidatzeko aitzakia da.
Datorren astean, apirilaren 25ean etxean aurkeztuko duzu. Zelan zaude?
Iazko Martxoan 8tik Berriatuan badago gaiari buruzko lanketa bat. Ibilbide polita egin dugu orain arte, konturatu garelako zelako gai konplexu eta zabala den. Horregatik, ilusio berezia daukat, ez delako txanpiñoi bakar bat izango, baizik eta beste bat. Mugimendu feministak, udalak eta beste eragile batzuek egindako lan horren baitan kokatzen dut liburuari buruzko eztabaida, eta ez izatea aurkezpen soil bat, haratago joatea. Aurretik egindako lan horretan sakontzeko eta aurreragokoan eztabaidatzeko tarte bat izatea nahi dugu.