“Oso arrakastatsua” izan da Lumentza mendia eta Garratxako kobak ezagutzeko ibilaldia
85 lagun inguruk parte hartu zuten eguenean [apirilak 18] Lekeitioko Denbora Bankuak antolatutako ekintzan.
Lekeitioko Denbora Bankuak ekintzak antolatzen jarraitzen du herriari bestelako bizitasun bat emateko helburuagaz, nagusiei batik bat. Atzo [apirilak 18] Lumentza mendia eta Garratxako kobak ezagutzeko ibilaldia osatu zuten. Antolatzaileen arabera, ekintza “oso arrakastatsua” izan zen, eta zenbakiek datu horiek berretsi besterik ez dute egiten: guztira 85 lagun osatu zuten 1,5 kilometroko ibilbidea.
Nola ez, gehienak lekeitiarrak izan ziren, baina Ondarroatik, Mendexatik, Iurretatik edota Amorototik etorritakoak ere izan ziren. Adinari dagokionez ere, ohi baino alde gehiago egon dira, nagusiez gain, ume eta gazteek ere parte hartu dutela nabarmendu dute. “Oso pozik gaude hainbat belaunaldiko pertsonak nahastu direlako, umeak zein nagusiak”.
Lumentza mendia eta Garratxako kobak bisitatzeaz gain, parte hartzaileek Santa Elena ermitako Sosoaga dolada ikusteko aukera ere izan zuten. Horrez gain, musika eskolako inguruak ere zeharkatu zituzten, “gazte sasoitik bertatik pasatu gabe zeuden asko eta asko”. Ibilbidean Ander Plaza adituak hainbat azalpen eman ditu.
Parte hartzaileek betetako inkestetan, “oso ondo” baloratu dute ekintza. Hasi duten toki berean amaitu dute ibilbidea, Usotegi parkean. Bertan Denbora Bankuko Eneko Baseta arduradunak elkartearen nondik norakoak azaldu zituen eta bide batez taldera batzeko deia egin zuen. Lekitto Bedarraren eta Pipas txakolindegiaren eskutik, jan-edana izan zuten eguna amaitzeko.