'Hirurok bat' emanaldia antolatu du Tarine musika eskolak
Barikuan [maiatzak 3] egingo dute, Markina-Xemeingo egoitzan.
Tarine musika eskolak bestelako musika emanaldiak eskaini nahi dizkie herritarrei, herria musikalki edertu nahi dute. Horregatik, askotariko kontzertuak antolatzen dituzte, eta oraingoan markak gainditu dituzte. Barikuan [maiatzak 3] Hirurok bat izeneko kontzertua eskainiko dute, Markina-Xemeingo egoitzako bigarren solairuan. 20 edo 30 minutuko saioa izango dela aurreratu dute antolatzaileek.
Hirurok bat deitzen da hiru pianistak joko dutelako, baina piano bakar baten, hau da, sei eskutara. “Hiru pianistak batera joko dute, orain arte bakarka edo askoz jota binaka jo dugu, beste batzuetan, aldiz, pianoa bestelako instrumentu batzuekin laguntzaile moduan ere erabili izan dugu”, azaldu dute.
Horregatik, musika eskolatik “oso eskertuta” agertu dira: “Markina-Xemeinek duen kultura musikal aberatsa eta ederra erakutsi nahi dugu”. Xabier Labraga, David Castro eta Uxue Ansolak eskainiko dute emanaldia sei eskutara eta Manfred Schmitzen Minitango laneko 18 tango joko dituzte bata bestearen atzetik eta gelditu barik. Gero, Rachmaninoffen Valse&Romance sei eskutarako obra ere joko dute.
Tarine musika eskolatik kontzertu “berezi eta bakarra” izanik, bertaratzeko deia egin dute “aukera paregabea” delako goi mailako musikaz gozatzeko. Sarrera doakoa izango dela gogoratu dute.