Jaiak, herritik eta herriarentzat
Berriatuko San Gregorio jaiak zerbait badira herrikoiak dira eta maiatzaren 4tik 18ra ospatuko dituzte askotariko ekintzekin. Bihar Gazte Egunagaz emango diote egitarauari.
Berriatuko San Gregorioa jaiak alaiak dira, bete-betekoak, koloretsuak, zabalak… askotariko izenondoak erabili daitezke, baina batez ere herrikoiak dira. Herritik eta herriarentzat sortutako jaiak dira. Bihar hasiko dira sangregorioak Gazte Egunagaz eta maiatzaren 18ra arte luzatuko dituzte. Hori bai, egunik handienak maiatzaren 9ko San Gregorio Egunetik hasita eta asteburuan izango dira.
Jai herrikoiak dira, herritarrak egiten dituztelako. Hain zuzen ere, Joseba Goienola alkateak izaera herrikoi hori berretsi du. Jai Batzordeak azken hilabeteetan hainbat batzar antolatu ditu era erantzuna “oso ona” izan dela azaldu du, “Berriatuko gazte asko etorri dira baita kuadrilla desberdinetako ordezkariak ere”.
Horrela sortu dute egitarau “zabal eta osoa”, herritar guztientzako pentsatu eta diseinatutakoa. “Betiko ekintzak, ohitura bilakatu direnak, mantendu nahi izan ditugu, herrik kirolak edota umeentzako ekimenak adibidez, eta kontzertuetan ere arreta jarri”. Izan ere, musika taldeen “indarra eta izena” nabarmendu nahi izan dituzte: Unidad Alavesa, Lehiotikan, Ginger, Oxabi, Anje Duhalde, Ezpalak edota Andoni Ollokiegi. Hau da, lau egunetan zehar estilo desberdinetako taldeak igoko dira Berriatuko oholtzara. Gazteenetzako Oxabi erromeria izan daiteke aukera ona, nagusiagoentzako Lehiotikan edota Unidad Alavesa eta bestela Anje Duhalde domeka arratsaldean.
Azken urteetan bezala, Gazte Egunagaz emango diote hasiera egitarauari. 13:00etan hasiko dute eguna karropoteoagaz eta gero bazkarian elkartuko dira gazteak eta ostekoa musika eta jolas artean egingo dute. Arratsaldean karropoteoagaz errepikatuko dute eta 22:00etan hasiko dira Orrues eta Gautegun taldeen kontzertuak.
Herri kirolekin ekingo diete San Gregorio Egun handiari. Diziplina desberdinetako izarrak ekarriko dituzte Berriatura arte. Tartean Iker Vicente Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako irabazkea, Julen Alberdiri desafioa irabazi berritan helduko dena, edota Ugaitz Mugertza mutrikuarra Euskal Duatloiko txapelduna. Harrijasotzaile lanetan ariko dira Inhar Urruzuno ondarrutarra, Lierni Osa eta Ainize Zumeta.
19:00etan hasiko dira ofizialki sangregorioak. Orduan jaitsiko baita Kaxero Gaupasero. Jai batzordetik “sorpresaren bat edo beste” egongo dela aurreratu dute. Aurten pregoia irakurtzeko arduraduna erraldoien konpartsako kideak izango dira.
Berriatuarrentzat beste egun handia paella eguna da. Herriko plaza eta inguruak txiki geratzen dira kuadrilla guztientzako. Maiatzaren 8a izena emateko azken eguna, udaletxean. Muntaketaren ostean, Goienolaren arabera, egitarauko ekintzarik «esanguratsuenetako bat» egingo dute. Lami eta Maru aurkeztuko dituzte, Berriatuko bi erraldoi berriak. Zelan ez, herri mugimendutik sortutakoak dira. Azkenaldian erraldoiek aintzineko fama berreskuratu dute, herri batzuetan haiena propio sortzen ari dira eta Berriatua ez da gutxiago izan nahi.
Hobekuntzak lantzen. Gababus zerbitzua maiatzaren 10ean eta 11n egongo da erabilgarri sangregorioetara joateko eta itzultzeko. Webgunean erosi daitezke dagoeneko tiketak 5 euroren truke. 21:00etan inguru aterako dira autobusak eta itzulera orduak, ohi bezala, 03:00etan eta 05:00etan izango dira.
Lea-Artibaiko Landa Garapen Elkartetik zerbitzua hobetzeko lanak egin ari dira. Hain zuzen ere, sexu erasoen aurkako protokolo bat idazten ari dira eskualdeko udal, mugimendu feminista eta bestelako elkarteekin batera. Uda sasoirako prest izatea aurreikusten dute, «helburu nagusia erabiltzaileen segurtasuna bermatzea da eta indarkeria matxista kasuen aurrean nola erantzun beharko genukeen zehaztu nahi dugu».
Era berean, Berriatuan ere lanketa sakona egin dute azken hilabeteetan erasoen aurkako protokolo bat osatzeko, Foro Feminista izan da arduradun nagusia bestelako eragileekin batera. Azaldu dutenez, uneoro arduradun bat egongo da txosnetan laguntzeko prest eta telefono bat ere eskuragarri jarriko dute edozein eraso ematekotan deitu ahal izateko.
Udaletik eskerrak eman nahi izan dizkiete era batera jaien antolakuntzan lagundu duten herritar eta taldeei eta ondo pasatzeko deia egin dute, betiere errespetuz jokatuz.