Gababuseko sexu erasoen aurkako protokolo bat lantzen ari dira
Berriatuko San Gregorio jaietarako prest izango ez badute ere, udako sasoirako martxan jartzea dute helburu.
Asko eta asko dira Lea-Artibaiko herriko jaietara joateko eta itzultzeko Gababusa hartzen dutenak. Zerbitzuaren garrantziaz jakitun, Lea-Artibaiko Landa Garapen Elkarteak eman daitezkeen sexu erasoen aurrean protokolo bat sortzeko beharra ikusi du. “Espazio segurua izatea eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzea dira helburu nagusiak”.
Horretarako, Elhuyar enpresagaz jarri dira harremanetan gauzatzeko eta eskualdeko udal, mugimendu feminista eta bestelako eragileei ere laguntza eskatu diete elkarlanean lantzeko. Gababusa, etxera seguru iristeko bitartekoa izanik, “garrantzitsua” ikusi dute bere baitan gerta daitezkeen eraso matxisten inguruko protokoloa idatzita izatea, nola erantzun eta zer egin jakiteko.
“Gero eta gehiago lantzen da jaien testuinguruan indarkeria matxista nola prebenitu eta gertatzen den kasuetan nola esku-hartu. Gababus zerbitzua ere bada gure eskualdeko jaien parte, beraz, zerbitzu honen baitan ere gogoeta hori aurrera eraman eta jarduteko prozedura propioa diseinatzeko beharra ikusi dugu”. Gaur egungo errealitatera moldatu nahi dute eta batez ere tresna “baliagarri bat” eskaintzea, jakinda jaietako testuinguruetan “asko areagotzen” direla eraso matxistak.
Berriatuko San Gregorio jaietarako prest izango ez badute ere, udako sasoirako martxan jartzea dute helburu. “Hala ere, lanketa honen berri eman nahi diegu herritar guztiei, protokoloa indarrean egon gabe ere, indarkeria matxista gaitzesten dugula eta Gababusaren testuinguruan zerbait gertatuko balitz esku-hartzeko prestutasun osoa dagoela argi izan dezaten”.