Frontoiko aterpetik kalera aterako dira, aisialdiaz gozatzera
Auzolana oinarri hartuta, urteetako herritarren eskariari erantzun diote aurten Lekeition: ume eta gaztetxoek udaberriko aisialdi eskaintzaz gozatzeko aukera izan dute, martxotik. Izan ere, herri hezitzailea lortzeko bidean pausoak ematen ari dira, herria bera izateko herriko ume eta gazteak hezten dituena. Hala, auzolanean egindako neguko ariketa horri amaiera emango diote zapatu (maiatzak 25) arratsaldean festa giroan, eta frontoitik kalera aterako dira horretarako; hala ere, eguraldi txarra eginez gero, jaiafrontoian egingo dutela jakinarazi dute.
“Urteetako herritarren eskaria jasota, aurten, ume eta gaztetxoenek aterpea izan dute, aisialdirako aukera izan dute. Aterpe baten eskaera mahaigainean egon da urte luzez, ze aterpeak herrian badaude, baina kontua da horiek zelan kudeatzen diren. Guk adostasunean aztertu ditugu herriko aterpeak, zeintzuk erabil daitezkeen eta zeintzuk ez ikusi dugu, eta horiek kudeatu ditugu”, adierazi dute udal ordezkariek. Ze, martxotik aurrera, Umeen Txokoa erabilgarri egon da asteko egunetan, eta frontoia zapatuetan.
Baina uda dator, eta neguko eskaintzagaz amaitzea erabaki dute: “Eguraldi ona dator, eta neguko denboraldiari amaiera ematea erabaki dugu, gaztetxoenak kalera, plazara, hondarrera ateratzeko”. Hala, 17:30ean, aurpegi margoketagaz hasiko dute festa, eta Porrotxek eta Marimototsek oparitutako intxaurrondoarekin argazkia aterako dute. Hitzordurako, sudur gorriak eta soinua egiteko gauzak eroateko eskatu dute antolatzaileek.
Ze, gero, kalejiran joango dira Uribarren parkera, han txokolate janaren inguruan batzeko: “Norberak ekarri partekatzeko tortillak edo bizkotxoak. Eta ez ahaztu tangia ekartzea”. Ostean, DJ Nairekin Mugi Boogie jaiaz gorputzak mugituko dituzte bertaratzen direnek.
Helburua.
Gabonak auzolanean antolatzeko apustutik jaio zen zapatuetako aisialdi eskaintzaren ideia, Gabonetako egitarau berezia gurasoekin elkarlanean antolatzen hasi zirenean, hain justu. Orduan adostu zuten Ume Txokoa zabaltzea eta zapatu arratsaldeetan kiroldegiko frontoia herritarrentzako zabalik izatea. Horrez gain, bestelako eskaintzak ere eskaini dituzte: ipuin kontalaria edota zirku tailerra, kasu. Hori guztia auzolanean eta gurasoek txandak eginda antolatzea lortu dute, eta gaztetxoenei begirako aisialdia izaten segitzeko apustuagaz jarraitu gura dute. “Irailean, herriko jaiak eta gero, berriro hasiko gara ikasturtera begirako ekintzei buruz hausnartzen eta pentsatzen. Ze, datorren ikasturtean beharrizana berdina izango dela pentsatzen dugu”. Izan ere, herri hezitzailean baitan, aisialdiko eskaintza integrala eta urte osokoa osatu gura dute.
Orain, itxiera emango diogu neguko denboraldiari, udarako proiektu garrantzitsuak aurrera ateratzeko: Herri Udalekuak. “Neguan berriro jarraituko dugu honekin, baina aldi berean, nagusiagoei begirako eskaintzak ere prestatuko ditugu, pantailen erabilerari buruz edo, horrek ere kezkatzen gaituelako”.