Ondarea zaintzen jarraituz
Ondarroako Udalararen eskutik jaso du Antxustegi familiak Zilarrezko Antxoa, urte luzez egindako lanaren oroigarri gisa.

Familia guztia oholtzara igo eta Urtza Alkorta Arrizabalaga alkatearen eskutik jaso du Antxustegi sendiak Zilarrezko Antxoa. Urte luzetako lanaren ondorio izan da familiak jasotako oroigarria. Egindako lanaren “errekonozimendua” izan dela aipatu du Xabier Laka Antxustegi familiako kideak.
Antxustegitarrek beraien etxeko baxurako ontzia Bilboko Itsasmuseumari eman zioten dohaintzan 1997an, museoan erakusgarri jartzeko. 2013an museoaren hamargarren urteurrenarekin batera konturatu ziren Nuevo Anchustegui ontzia egoera txarrean zegoela, ontziak behar zituen mantentze lanak ez baitzituen jasotzen.
Hori horrela, senideek etengabeko lanari ekin zioten, beraiena zena babestuz eta herri ondarea zaintzeko eskatuz. “Indar handia jarri genuen horretan, eta ez genuen etsi”, aipatu du Lakak. Familiaz gain, erakunde eta norbanako desberdinak batu zitzaizkien borrokara, eta 2014an Ondarroako Udalak ere eskaria egin zion Itsasmuseumari.
Hasiera batean ezezkoak jaso arren, poliki-poliki lortu zuten beraien hitza entzuna izatea. Gaur egun, senideen lanaren ondorioz, ontzia konpontzen ari dira, eta harro sentitzen da Antxustegi sendia: “Parlamentura, Bizkaiko Batzar Nagusietara, prentsara… leku guztietara joan gara, eta azkenean lortu dugu. Orain ez dago atzerapausorik”. 1958an Ondarroako Arriola ontziolan eraikitako egurrezko ontziak, garai bateko eta Euskadiko baxurako arrantza tradizionalaren garapenean funtsezko tipologiaren ordezkaritzarik zaharrena izanik, aitortza berezia behar duela azpimarratu dute.
“Indar handia jarri genuen horretan eta ez genuen etsi”
Nuevo Anchustegui. Gure señoriti erakusketa herri baten historia, izaera eta izatea definitzen dituen ondarea izanik, Bilboko Itsasmuseumean ikusgai egon ondoren, Ondarroako Udalaren nahia da galdu ezin den altxorra herrira ekartzea. Erakusketak gai desberdinak barnebiltzen ditu, familiako artxiboko irudi eta dokumentuez gain, Euskal Museoak utzitako pieza desberdinez ere osatuta dago. Ez da erakusketa soil bat, “ontzia eta bere historiaz gain, familia, ontziaren oinarrizko portua eta Ondarroako herriak duen garrantzia ere ikusi daitezke erakusketan”.
Herrira ekarri. Antxustegi familiak beharrezkoa ikusten du urte guzti hauetako lorpenei amaiera borobila ematea: “Oso polita izango litzateke, mundiala. Aitortza eta errekonozimendu bat, guretzat eta Ondarroako herriarentzat. Urte guzti hauetan ondarea bizirik mantentzeko egindako lanari amaiera emateko modu paregabea litzateke”. Maite dugun hori zaintzea garrantzitsua dela dio Lakak, eta hori horrela, ondarea zaintzen jarraituko du Antxustegi familiak.












