Donostiarrak hirugarren urtez jarraian astindu du Mutrikuko bandera
Gaur [maiatzak 25] Isuntza 5. izan da eta Ondarroa 8. Osertz Aldai “gustora” agertu da taldeak egindako estropadagaz.
Azken urteetan Mutrikuko bandera erreferente bilakatu da arraun munduan. Hain zuzen ere, ekainaren 29an hasiko den Eusko Label Ligara begira proba garrantzitsuenetako bat da, lehendabizikoa izateagatik hein handi batean. Ia denak izan dira gaur [maiatzak 25] Mutrikuko uretan. Bermeo Urdaibai izan da hutsune nagusia, iazko Kontxako eta Ligako txapelduna.
Borroka horretan egon nahi du beste urte batez Donostiarra, eta indartsu daudela erakutsi dute: hirugarren urtez jarraian astindu dute Mutrikuko bandera. Hasi eta buka nagusi izan da Kaiarriba Arraun Elkartea. 16 traineruk parte hartu dute Mutrikuko 23. banderan. Lehenengo txandako kideak minutu bateko tartean atera dira eta denborarik onena San Juanek ezarri du (20.39,44), sei segundora geratu da Ondarroa Arraun Elkartea.
Baina oraindik oilarrak falta ziren. Bigarren txandan Orio, Isuntza eta Getaria aritu dira. Horiek aurrea hartu dute hasieratik, baina atzetik aurrerako bidea egin dutenak lekeitiarrak izan dira. Getariak 6 segundo ateratzen dizkio Isuntzari lehen ziabogan, baina bigarrenerako aurrea hartu dute lekeitiarrek, eta azkenean 6 segundo atera ere.
Osertz Aldai prestatzailea “gustora” agertu da bere arraunlariek egindako lanagaz. “Hasierako estropada hauek orain arteko lana eta sentsazioak ikusteko balio dute. Helburua estropada intentso bat egitea eta gorputza pixkanaka horretara ohitzea. Aurredenboraldian hausnarketa egitea zaila da, baina gero eta hoebto gabiltza eta horrek esan nahi du lan ona egiten ari garela. Talde guztiak bezala puntu hori bilatzen gabiltza, estropada bakarragaz ezin daiteke ondorio askorik atera eta balekoa izan da guretzako. Norberaren lana izaten da garrantzitsuena orain, eta gu pozik gaude temati gauden arloetan hobekuntza ikusten dugulako”.
Hala ere, azken bi urteetako ontzia uretaratu behar zen oraindik. Donostiarra, Hondarribia eta Zierbenagaz aritu da ohorezko txanda. Hasieratik nagusi izan dira gipuzkoarrak eta bigarren ziabogan Ama Guadalupekoa segundo bat kendu badio ere, hirugarrenerako 10 segundokoa zen tartea. Hala ere, hondarribitarrek gogotik estutu dute azken luzean eta nahi baino gehiago sufriarazi diote irabazleei.
Arkaitz Diaz patroiak aitortu du estropada “gogorra” izan dela, nahiz eta itsasoa arraunean aritzeko “oso ondo” egon. “Atera aurretik esan digute Orioren denbora oso ona zela eta hasieratik estutu behar izan dugu eta hor egin dugu tarte nagusia gure txandan. Beti da pozgarria irabaztea eta are gehiago hiru urte jarraian Mutrikun egitea”. Orain arteko lanarekin ere “pozik” agertu da Diaz, “fase desberdinak ondo osatu ditugu eta gogoekin gaude liga hasteko, gure esperantza oilarrekin aritzea da”. Gaur haiek izan dira oilar nagusiak.
Sailkapena:
- Donostiarra: 20.05,91
- Hondarribia: 20.08,16
- Orio: 20.11,04
- Zierbena: 20.10,70
- Isuntza: 20.27,52
- Getaria: 20.34,00
- San Juan: 20.39,44
- Ondarroa: 20.45,32
- Arkote: 20.45,85
- Zarautz: 20.47,86
- Zumaia: 20.52,21
- Santurtzi: 20.58,23
- San Pedro: 20.58,23
- Larrun Kosta: 21.15,20
- Hibaika: 21.53,69
- Busturialdea: 22.22,03