Eñaut Urreisti: "Puntista onenen kontra jokatzen duzunean ikasten duzu gehien"
Mutrikuarrak, Daniatik itzuli eta gero, Lekeitioko eta Zumaiako Master Seriesak jokatu ditu, baita Iparraldean eta Bilboko zein Markina-Xemeingo atarikoak ere.
Udako denboraldiaren atarian, zelan zaude?
Pozik, maila oso ona ematen ari naiz, emaitzak ere lagun ditut eta bestelako aukerak izaten ari naiz. Azkenaldian maila ona eskaintzen ari naiz, batez ere Ameriketako Estatu Batuetatik itzuli nintzenetik. Danian joko ona erakutsi nuen, eta etengabeko ikasketa bat izan zen. Hein handi batean, hango emaitzengatik izan nuen Lekeitioko Master Seriesa jokatzeko aukera, nahiz eta ezin izan nuen nire benetako maila erakutsi. Gero, Zumaian erakutsi nuen nire jokoa.
Beraz, Daniako esperientziak on egin dizu.
Bai, zalantza barik. Egunero jokatzen da han, aurkari desberdinen aurka, eta hori da hobetzeko bidea. Egunero ikasten duzu; kinieletako formatuagaz, tanto bakoitzari garrantzia ematen ikasten duzu. Hemen astean bi edo hiru entrenamendu egiten ditugu, baina han egunero; aste bakarrean hilabeteko entrenamenduak egiten dituzu. Gainera, aurretik 23 urte azpiko Munduko Txapelketa irabazi berri nuen eta bestelako konfiantza batekin bidaiatu nuen. Dena batu da, eta sasoi ona luzatzea lortu dut Euskal Herrian. Gainera, frontoitik kanpo ere esperientziaz ikaragarri gozatu dut. Joan nintzen lehen urtean, ez nuen kantxan hainbeste gozatu, horregatik, agian, kanpoan gehiago gozatu nuen. Lagun artean zaude, bertako bizimodua bikaina da, eta argi izan nuen aurten berriro errepikatzeko aukera izango banu, bertara joango nintzela.
Azkenaldian eman dudan jauzi horren arrazoi handienetako bat fisikoa dela esango nuke
Zertan nabaritu duzu hobekuntza?
Azkenaldian eman dudan jauzi horren arrazoi handienetako bat fisikoa dela esango nuke; asko hobeto dut arlo fisikoan eta kantxan nabaritzen dut. Sakean ere aurrerapauso bat eman dudala uste dut, AEBn garrantzia handia du, beste aurrelaria saihestu beharra dago. Horrez gain, tantoa gehiago eta hobeto landu beharra dago. Garrantzia handiagoa du tanto bakoitzak eta ondo aukeratu behar da noiz eta zelan sartu.
Hobekuntza horri esker heldu zitzaizun Lekeitioko aukera?
Baietz esango nuke. Ez nuen espero; Daniatik etorri eta gero, federazioko eta bestelako txapelketak jokatuko nituela uste nuen, eta oso pozgarria izan zen aukera izatea. Iñaki Osa Goikoetxeak deitu zidan eta sekulako poza hartu nuen. Maila txukuna erakutsi dudala uste dut, eta aukera gehiago izateko lanean jarraituko dut. Gainera, Zumaian Mikel Manzi herrikideagaz jokatu zenuen, eta oso pozik jarri ginen biok. Azken hilabeteetan sekulako maila duela erakutsi du, lehenengo Pro-AM txapelketan eta gero, onenen aurka lehiatu zen Gernikako Winter Seriesean. Sasoi puntu hori luzatzea lortu du eta Lekeitioko Master Seriesa eta Mutrikuko Txapelketa irabaztea lortu du. Zumaian, ezustekoa eman genuen finalaurrekoetan, Johan-Del Rio bikotea kaleratuz. Baina, gero, finalean ez genuen zorte handirik izan, eta Erkiaga ikaragarri baten kontra ezin izan genuen askorik egin.
Finalean sakeak eman zizkizun buruko min asko; ispastertarra pasatu ezinik egon zinen. Zelan kudeatu zenuen egoera?
Finalaurrekoetan nire sakea izan zen gakoetako bat. Johani pilota asko kendu nizkion eta horri esker, besteak beste, irabazi genuen. Baina finalean arazo asko izan nituen sakeagaz, eta Erkiagak ez zuen barkatu. Tantoa egiten genuenean, berak sakean errematatzen zuen, eta horrela ezinezkoa da. Hasieran badakizu nor daukazun aurrean, baina, gero, asko pentsatu arren, ez duzu horrelakorik espero. Ikaragarrizko erraztasunagaz amaitzen du tantoa, edozein lekutatik, edozein momentutan. Ez zen erraza izan.
Horrelakoetan nabaritu duzu profesionalen artean jokatzean dagoen jauzia?
Bai. Hasteko, Erkiaga gaur egun beste maila batean dago. Gainera, pilota biziagoak dira, eta horrek partidaren erritmoan eragiten du; arinago jokatzen da eta erabakiak hartzeko denbora laburtzen da. Gazteen artean gehiago barkatzen da, eta onenen artean batere ez. Gure artean piloteo gehiago egoten da, eta eurak, hainbeste kalitate dutenez, edozein pilotakadatan sartzeko eta tantoa amaitzeko gai dira.
Maila ona ematen jarraitzen badut, aukera hori heldu daiteke, baina egungoan zentratu behar naiz
Iparraldean ere aritu zara. Zelako maila ikusi duzu?
Handia. Batzuetan uste da bakarrik hegoaldean jokatzen dela, baina Iparraldean ere asko jokatzen dute. Gazteok haien aurka gehiagotan jokatu dugu AEBn Euskal Herrian baino, eta maila handia dutela erakutsi dute. Aukerak izan genituen Donibane Lohizuneko All Star-ean sartzeko, baina aurre-kanporaketak ezin izan genituen gainditu. Halere, pozik nago emandako mailagaz.
Eta zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Uda sasoian partida gehiago jokatu ohi ditugu, sasoirik garrantzitsuena da, eta ondo heltzea nahitaezkoa da; txapelketa gehiago daude, eta aukeren zain geratzen gara. Bilboko Iron Cup txapelketako Pro-AM txapelketa jokatu nuen Urangagaz, eta Markina-Xemeingoa Undagaz.
Helbururen bat jarri diozu zure buruari?
Gogor entrenatzen jarraitzea, udarako sasoiko mantentzea eta hobetu ahal ditudan arloak hobetzea. Gero, aukerak heltzen direnean, maila eman nahi dut, eta emandako konfiantza ondo baliatu. Gaztea naiz, eta argi dut nire helburu nagusia ez dela irabaztea izan behar, hobetzea eta ikastea baizik. Maila ona ematen badut, uste dut emaitzak ere helduko direla.
Txapelketaren bat baduzu begiz jota?
Gehien jokatu dudana Mutrikukoa izan da, jaietan jokatzen da, eta giro polita sortzen da. Ilusio berezia sortzen dit herrikideen aurrean jokatzeak. Hala ere, ematen didaten edozein aukeragatik eskertuta egongo naiz.
Eta epe luzera begira, Winter Serieseko Pro-AM txapelketa jokatzea, adibidez?
Gazte asko ari gara aukerak jasotzen, eta gure mailaren arabera egingo dituzte bikoteak, dagoen txapelketarik garrantzitsuena jokatzeko aukera izateko. Maila ona ematen jarraitzen badut, aukera hori heldu daiteke, baina egungoan zentratu behar naiz.
Bestelako bide bat zabaldu zaizkizue gazteei Pro-AM txapelketekin.
Bai. Orain arte, batez ere, profesionalak egon dira jokatzen, baina Daniatik itzuli ginenetik, gazteentzako bestelako aukerak eskaintzen ari dira. Etorkizuna egon badago, baina onenen aurka jokatzeko aukerak behar ditugu, hobetzeko. Aurrerapauso garrantzitsua da apurka-apurka gu ere zirkuituan sartzeko.