Iker 'Saji': "Ez da erraza erabat gustura geratzea, baina gertu geratu gara"
Saji taldekoek ‘Amuak’ diskoa aurkeztuko dute zapatuan [ekainak1], Mendexan. Diru bilketa jarri zuten martxan finantzatzeko, eta 4.000 euroko helburua gainditzea lortu dute.
Nola sortu zenuten taldea?
Aspaldiko kontua da. Nik sortu nuen 2008an, baina bestelako lagun batzuekin, eta disko bat kaleratu genuen. Kontzertu txikiak ematen hasi ginen, baina ez genuen jarraikortasunik izan. Azkenean talde askori gertatzen zaie hori, bakoitzak bere bizi momentuak dituelako, eta txinparta hori agortu egiten da batzuetan. Proiektu horrek ez zuen aurrera egin, eta beste batzuetan murgildu nintzen.
Eta orain zer gertatu da, ostera ere martxan hasteko?
Denbora neraman nire kontura kantuak sortzen, eta 2020an talde bat sortzeko unea zela ikusi nuen. Nire lehengo doinuak berreskuratu nahi nituen, nahiz eta bestelako taldekide batzuekin izan. Bakartasunetik aldendu nahi nuen, eta pianoagaz kantuak osatzen hasi ginen. Hortik aurrera taldea osatzen joan ginen, bateria eta baxua sartuz. Esan daiteke horrela sortu zela Saji 2.0. Pandemiak ere bere eragina izan zuen; esango nuke denengan izan zuela, txip aldaketa bezalakoa izan genuen, barrura begira jarri ginen. Bestelako bide batzuk aztertu nahi nituen, kantuei beste ukitu bat eman. Eta uste dut helburua lortu dugula. Proiektu pertsonala den arren (kanta gehienak nireak direlako), kide denen arteko lanari esker eraman dugu aurrera. Kantuetako askok buelta bat ematea merezi zutela uste dut.
Zelakoa izan da lehengo eta egungo kanten arteko nahasketa hori?
Gehienak aurreko diskoan kaleratu ez genituen abestiak dira, niretzat gorde nituenak. Horiek izan dira gehienbat moldatu ditugunak, pianoa eta bateria sartuz, bestelako ukitu bat emanez. Urteen poderioz norbera eta norbere musika aldatzen doaz, normala denez, eta, horrenbestez, ez dira kanta berberak ateratzen. Musika tresna berriak sartzeak ere goitik behera aldatu dezake kanta bat; moldaketak egin behar dira, askotan. Lehen perkusioa lantzen genuen batez ere, baina, orain, beste pauso bat egin dugula esango nuke.
Aurkezpenean intimo hitza errepikatzen duzue behin eta berriz, lehen zein orain.
Nire etxeko intimitatean ateratako abestiak dira: hortik dator. Gainera, batzuk nahikoa malenkoniatsuak dira, bai doinuz, bai letraz. Beraz, hortik etor daiteke ‘intimo’ hitza hainbeste errepikatzea. Nire barrutik ateratakoak dira, nik bizi edo ikusten ditudanak, hau da, pertsonalak dira.
“Aurreko proiektutik, bestelako bide batzuk aztertu nahi nituen, kantuei beste ukitu bat eman”
Amuak diskoa kaleratuko duzue. Zelan definituko zenuke diskoa?
Denetarikoa da, musika aldetik, doinuz zein letraz, eta, era berean, denentzat egina da, edozein herritarrek gustura entzun dezakeena. Bateria eta pianoa sartu arren, akustikaren bidetik jo dugu, doinu leun eta entzungarriagoen bila; adibidez, badago kanta bat gitarra eta ahotsa bakarrik dituena. Gainera, kolaborazioak egin ditugu, bestelako instrumentuekin gure musikatik harago joateko. Halere, bestelako estiloak ere landu ditugu. Pop eta rock doinuak ere sartu nahi izan ditugu, esate baterako. Belarritik sartzen den diskoa dela esango nuke.
Zazpi kantaz osatutako albuma da. Zelako gaiak jorratu dituzue?
Letra aldetik, badaude intimoak, nire pentsamenduak islatzen ditudanak, baina sozialagoak ere badaude, gaur egungo gizarte, bizitza eta munduaren inguruan hitz egiten dutenak. Horregatik diogu edozeinentzako diskoa dela, askotariko gaiak jorratzen ditugulako, entzuleari identifikatuta sentiarazi ahal diotenak. Amuak kantan, adibidez, sare sozialen influentziaren inguruan hitz egiten dugu, egungo gizartean duen eraginaren gainean. Amuak bezalakoak dira, goxoki gozoak, eta behin eta berriro jaten ditugunak. Baina heltzen da momentu bat, non ez dugun amurik ere behar izaten: zuzenean jotzen dugu beraiengana, beharrizan bilakatu direlako.
Esan daiteke gaur egungo musikara egokitu zaretela?
Bai, hori da. Halere, egia da badaudela denboran pasatzen ez diren kantak, atenporalak, intimoenak; bestela esanda, gaur, bihar edo etzi entzun daitezkeen kantak.
Zelangoa izan da sormen prozesua?
Mutrikun grabatu dugu diskoa, Axular Arizmendigaz, eta benetan interesgarria izan da. Musika mundua asko eta ondo ezagutzen duen ekoizlea da, eta elkarrekin lan egiteko aukera izatea oso ona izan dela uste dut. Hilabete inguru egon ginen lanean. Hasierako abestiak moldatzeko gaitasuna izan dugu, eta hori positiboa dela uste dut, bestelako ekarpenak beti direlako ongi etorriak.
“Denetariko diskoa dela uste dut, musika aldetik, doinuz zein letraz, eta denentzakoa”
Kantak asko aldatu dituzue estudioan?
Batzuk bai. Ez dira berberak estudioan grabatzera sartu direnak eta gero atera direnak. Hasieran, ideia argi bat genuen buruan, zelako diskoa nahi genuen bagenekien, baina oso bestelakoa atera dela esango nuke, betiere gure esentzia mantenduz. Guk kantak egin ditugu, baina ekoizleak beste maila batera eraman ditu: abestiak biribildu egin ditu.
Alde horretatik, kolaborazioak ere lagungarriak izan direla azpimarratu duzue.
Bai, hala da. Gainera ondo pentsatuak izan ziren. Gaizka Eztandako kidea izan zen, eta Taupada kantan parte hartu du. Horrez gain, normalean ikusten ez diren doinuak ere sartu nahi izan ditugu, biola, esaterako. Eider Saezek, Nogeneko abeslari ohiak, berriz, beste presentzia eta maila bat eman dio beste abesti bati. Denek lagundu dute; eskertuta gaude. Pozik gaude azken emaitzagaz. Ez da erraza erabat gustura geratzea, baina gertu geratu gara.