Bertoko sortzaileen balioa aitortzen
Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatutako Sortzaileen Azoka eskualdeko artisau eta eskulangileen lanaren erakusgarri bihurtu da. Asko eta asko dira herriz herri, azokaz azoka ibiltzen diren sortzaileak, eta horien lagin bat erakutsi du gaurko azokak. Plazabarripean hamahiru sortzaile elkartu dira, eta 10:00ak aldera hasi, eta 14:00ak arte saldu dituzte euren sorkuntzak.
Gazte Asanbladakoen helburua Lea-Artibaiko sortzaileak “indartzea” izan da, bultzada ematea. Eta horren garrantziaz berba egin du Lurdes Leke markina-xemeindarrak. Horrelako azokak oso garrantzisuak direla deritzo Maluke markaren sortzaileak. “Nire ogibidea hauxe da, eta iruditzen zait honi bultzada eman behar zaiola. Gauza merkeak ordaintzera ohitu gara; ez zaigu gustatzen balioa daukana ordaintzea. Txinako gauza denak erosten hasi gara, eta uste dut hemen badauzkagula gauza onak, kalitatezkoak. Horregatik, horrelako azokak egon behar dira bertokoa bultzatzeko”.
Euskarri ezberdinetan diseinatu eta estanpazioak sortzen ditu. Ehungintzaz gain, botiletan eta koadernotxoetan egiten ditu estanpazioak, eta belarritakoak, berriz, buztin polimerikoagaz eta erretxinagaz egiten ditu. “Desgaitasun bat daukat, eta artisau munduan sartzeko aukera eduki dut, eta horretan nabil. Instagram badaukat, baina nire asmoa da denda-tailerra zabaltzea. Hori da nire hurrengo proiektua, eta horri begira nago”.
Txaro Arrrizabalaga ondarrutarrak Meraki Bitxiak marka dauka, eta bitxiak eta ileko apaingarriak egiten ditu
larrua eta metala erabilita: “Betidanik izan naiz esku beharren zalea, txikitatik egin ditut”. Bere produktuak erakusteko Instagram erabiltzen du, baina ez du bertatik saltzen: “Oraindik pixka bat analogikoa naiz, baina sare sozialak beharrezkoak dira, bestela ez zarelako existitzen. Tailerra daukat, eta WhatsApp bidez hitzordua eskatzen didate, eta bertara etortzen dira”. Bertan erosteko zein norbere diseinuak sortzeko aukera eskaintzen du: “Nahi duten kolore eta formekin diseinatu dezakete, pixka bat pertsonalizatu”.
Leire Irizar mutrikuar gazteak Kikara proiektuaren aletxoa eroan du Markina-Xemeinera. Buruko zapiak josten ditu, eta buztin polimerikoagaz belarritakoak egiten ditu. Iratia Arraitunandiagaz sortu zuen proiektua, eta hark makrameagaz sortutako bitxiak ekoizten ditu. Ondarroan, Bilboko jaietan, Bilboko Gaztetxean… egon izan dira mutrikuarrak, eta Markina-Xemeinen egon diren lehenengo aldia izan da gaurkoa. Konfinamendu garaian, “erdi aspertuta” ekin zioten proiektuari, eta, seguruenik, “ikasketa eta lan kontuengatik” laster etapa hori itxi, eta beste bat hasiko dute: ” Ez gara gehiegi ibiltzen, eta hauek seguru asko azkenengo azoketakoak izango dira, biok ikasten eta lan munduan hasiko garelako eta denbora gutxi edukiko dugulako honetarako”.
Irizarren iritziz, horrelako azokek “sekulako garrantzia” daukate: “Gure kasuan ez dugu soldata hemendik ateratzen, baina batzuek bai, eta bereziki horientzat oso-oso garrantzitsua dira, eta oso-oso eskertuta gaude”.
Nikkota Art markaren sortzailea den Nuria Vazquez mutrikuarrak pare bat urte daramatza sektorean. Belarritakoak eta koadroak egiten ditu, kilim teknikagaz, papelagaz Zaletasun moduan hasi zela aitortu du. Artelanak eta eskulanak egitea gustuko du. “Kilim teknikagaz hasi nintzen pixka bat sortzen, eta gero lagun hauek, bai Alaik, bai Amaiurrek Asterrikan feria txiki bat egin zuten, eta hortik hasi nintzen”. Horrelako azokak erakusleiho izateaz gain, euretan sortzen den giroa nabarmendu du. “Batez ere herri txikietan giroa sortzen da, zapatu goiz batean, esaterako, Mutrikun Merkatu Txikia daukagu. Polita da”.