Kamiñazpikoen egun handia
Paella usainez bete da eguerdian Kamiñazpi. Beste urte batez, giro ederra dute jaietan. Ume, gazte zein nagusiak batzeko eguna dute, eta ondo pasatzeko hamaika aukera, aurten ere.
Atzo arratsaldean txupinazoarekin eta txosna irekierarekin hasi zituzten Kamiñazpiko jaiak pop rock doinuez bete zuten auzoa Ondarroa, Bermeo eta Berriatuko musika eskoletako kideek. Gero, play-back lehiaketan euren onena eman zuten11 taldek, eta gauean, berriz, Modus Operandi eta Visions DJa igo ziren oholtzara. Gaur goizean herri kiroletan, marrazten, ginkanan eta aurpegiak margotzen ibili dira umeak. Gero, paellen prestaketetan murgildu dira kuadrillak, eta karparen babespean bazkaldu dute alkarregaz.
Kamiñazpiko Jai Batzordekoek esan bezala, “inoizko jende gehien” batu da aurten; txapelketa hamasei taldek jokatuko (hori da antolatzaileen ipintzen duten muga) badute ere, 29 taldek eman dute izena, eta ia 500 lagun batu dira bazkalorduan.
Bestalde, Mikel eta Igor Iriondok irabazi dute Kamiñazpiko Pala Txapelketa; Asier Elordi eta Eneko Garcian kontra goizean jokatu dute finala, eta 22 eta 15 nagusitu dira iriondotarrak.
Bazkalosterako planik ez dute falta; izan ere, 18.00etan umeentzako zinea eskainiko du OLEEk, Ibaiondoko etxeetako tunelean, eta ordu berean hasiko da Joxpa erromeri taldea. Gainera, goizean bezala, puzgarriak egongo dira.
Gero, Puro Relajok hasiko du gau musikatua, 22:00etan, eta mexikar doinuen ostean, Oxabiren erromeriak hankaz gora ipiniko du Kamiñazpi. Parranda luzatu nahi dutenentzat, berriz, DJ Juseff ariko da askotariko musika jartzen.
Eraso matxisten kontrako protokoloa. Kamiñazpin ez dute ezelako eraso matxistarik onartzen, eta lehengoz jarriko dute martxan horien kontrako protokoloa. Izan ere, beharrezkoa ikusi dute auzoko jaiak gune segurua izatea, eta Jai Batzordetik azaldu dutenaren arabera, bi helburu dituzte: batetik, egongo diren erasoei erantzuna ematea eta bestetik, erasoa jasan duenari babesa adieraztea.