Euskal emigrazioaren inguruko udako ikastaroa hartuko du Ispasterrek
Uztailaren 5ean eta 6an ‘XIX-XX mendeetako euskal emigrazio(ar)en tokian tokiko ikuspegi anitzak’ hitzaldi zikloa antolatu dute eta izen ematea zabalik dago.
Emigrazioaren gaia ostera ere askoren ahotan dago azkenaldian Lea-Artibai eskualdean. Euskal Australiar Elkarteak lan handia egin du horretan, batez ere bere erakusketaren bidez. Herri askotan aritu da erakusketa, baina orain Ispaster are eta urrutiago joan da. Iñigo Egiluz kultur aretoak XIX-XX mendeetako euskal emigrazio(ar)en tokian tokiko ikuspegi anitzak udako ikastaroa hartuko du uztailaren 5ean eta 6an.
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Ispasterko Udalak elkarlanean antolatutako hitzaldi zikloak dira, euskal migrazio historikoen “konplexutasuna eta aniztasuna” sakonago ezagutarazi nahi dituzte, Ispasterren eta Bizkaiko Lea-Artibai eskualdetik abiatutako tokian tokiko ikuspegi baten bitartez.
Azaldu dutenez, normalean euskal diasporaz hitz egiten denean, hitz hori singularrean erabiltzen da. Era berean, argi dute XIX eta XX. mendeetako euskal emigrazioa jaso zuten nazioetan euskal identitate komun eta bateratu bat sortu zuela. “Baina begirada eskala geografiko txikietara eramaten badugu, aldiz, berehala nabarituko dugu tokian tokiko desberdintasunak badaudela. Erritmoak, helmugak eta modalitateak oso anitzak izan zirela konturatzen gara”.
Lehen pertsonan
Horregatik, ikastaroan kasu desberdinen arteko konparaketa bat erakutsiko dute: “Euskal emigrazioak garatzean eman ziren egoera desberdinak agerian geratuko dira, egungo euskal diasporaren sorreran daudenak”. Helburua da Euskal diasporari buruzko ikuspegi orokor bat ematea, tokian tokiko ikuspegitik abiatuta, Euskal Herriko eskualde desberdinetan eman zen emigrazio prozesuen “berezko xehetasunak eta berezitasunak” seinalatuz.
Horretarako, Ispasterretik eta bere ingurutik abiatutako euskal diasporaren ezaugarri espezifikoak ezagutaraziko dituzte protagonisten testigantza bizien bitartez euskal diasporaren eguneroko bizipenak ezagutuz. Besteak beste, adibidez, Esther Korta Euskal Australiar elkarteko kideak parte hartuko du. Izena eman nahi dutenek dagoeneko egin dezakete doako ikastaroa izango baita.