Laduchek eta Basquek lortu dute Markina-Xemeingo Grand Slamerako txartela
Aurre kanporaketako finala jokatu zuen atzo [ekainak 2] Laduche eta Basque bikoteak Arberen eta Atainen aurka; bi setak irabazita lortu dute Grand Slamean jokatzeko aukera.
Bilbao Jai Alai Iron Cup amaitzeagaz batera, Markina-Xemeingo Grand Slama jokatzeari ekingo diote puntistek, ekainaren 15etik aurrera. Hala, Laduchek eta Basquek lortu dute bertan jokatzeko lehenengo txartela, atzo [ekainak 2] Arberen eta Atainen aurka jokatutako finalean; datozen egunetan jarriko dituzte salgai Grand Slamerako sarrerak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Grand Slama hasi orduko aurre kanporaketak egin behar izan dituzte, jokalarien arteko lehia “handitu” egin delako. Hori horrela, atzo Unin jokatutako finalean bi setak irabazi zituzten Laduchek eta Basquek: 15-13 eta 15-12. Etxeko bikoteak garaipena gertu izan bazuen ere, partida “luze eta gogor” baten ostean ezin izan zuten irabazi.
Bi kanporaketaren ostean lortu dute Grand Slamerako txartela; finalaurrekoa Bixenteren eta Manciren aurka jokatu zuten, eta hor ere, bi setak irabazi zituzten: 15-11 eta 15-4. Hala, IƱaki Osa Goikoetxea Eraman enpresako kirol zuzendariak Grand Slamerako kamisetak eman dizkie irabazleei.
Sailkapena. Era berean, Jai Alai Ligarako puntuak ere eskuratu dituzte puntistek. Laduchek eta Basquek 500 puntu lortu dituzte aurre kanporaketetan; Arbek eta Atainek, 300; finalerdietara iritsi ziren Bixente-Manci eta Javier-Danel bikoteek, 180; eta final laurdenetan kanpoan geratu ziren Urreisti-Unda eta Zelaia-Salegi bikoteek, berriz, 90. Hori horrela, gaur gaurkoz Aritz Erkiaga da Jai Alai Ligako sailkapenean nagusitasunez lehenengo postuan doan puntista, 10.340 puntugaz. Bigarren postuan berriz, Lekerika dago, 5.520 puntugaz. Grand Slamerako sailkatu diren bi puntistak hirugarren eta hamaikagarren postuetan daude, Laduche 5.250 puntugaz eta Basque, 3.330gaz.