'Autokarabanie'-k barre algara artean zeharkatu du Markina-Xemein
Abarka Antzerki Taldeko kideak bost urte jendaurrera irten barik egon ostean domekan [ekainak 2] taularatu ziren berriro, 'Autokarabanie' antzezlanagaz: "Bete-beteta geratu gara".
Bost urteko geldialdiaren ostean, domekan [ekainak 2] heldu zitzaien egun handia Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldekoei. “Bete-bete” eginda amaitu zuten Autokarabanie obraren emanaldia antzezleek: “Bikain joan zen. Sentimendua da bete-beteta geratu ginela, plaza ere bete-bete egin zen”. Barreak ere, ez ziren falta izan: “Barre pilo bate egin zuen jendeak, gogotik eta barrutik. Jendeak esan digu horrelako gehiago behar direla, beraz, sentimendua oso positiboa izan da”.
Dena ezin hobeto joan zen arren, bost urteko geldialdiak urduritasunak ere eragin zituen: “Bertigo puntu bat eta urduritasuna nabaritu genituen. Entseguak prozesu baten barruan egin ditugu, eta blokeo momentu batzuk egon diren arren, ondo pasatzeko momentu asko ere egon dira sortze prozesu horretan”. Jendaurrean beldur eta urduritasun horiek gero eta gorago igo zitzaizkien arren, “ilusio eta motibazio handia” azaleratu ziren: “Elkartu garen batzuk jatorriz Abarka sortu genuenok izan gara; etenaldiaren ondoren berriro konektatu dugu Abarkaren arimarekin eta esentziarekin. Orain berriro itzuli eta energia eta ilusio berdinarekin aurkitzeak Abarkaren arima piztu du”.
Arretxinagako zubi ingurua jendez gainezka, herritarrak ez ezik, eskualdeko biztanleak eta urrunagokoak ere bertaratu ziren Autokarabanie ikustera: “Etorri zirenei eskerrak eman nahi dizkiegu. Markina-xemeindarrak egon ziren, eskualdeko jendea ere bai, eta baita Elgoibar, Eibar eta eskualdetik kanpoko jende gehiago ere. Jendearen harrera, jarrera eta goxotasuna eskertu nahi ditugu. Publiko barik ez dago antzerkirik, eta eskerrik asko hori emateagatik”.
Era berean, antzezle taldea ezin izan da Yolanda Larreategi idazleari eta Ander Lipus zuzendariari eskerrak eman barik geratu: “Guretzako aukera itzela izan da Lipus gu zuzentzen egotea. Egun eta entsegu asko izan dira, eta pazientzia asko erakutsi dute. Azkenean, elkarrekin gustuko emaitza batera heldu gara”.
Emanaldi gehiago. Emanaldi “bat eta bakarra” izango zela uste zuten arren, jendearen harrera ikusita ezin izan dira geldik egon. Hala, data guztiz zehaztuta ez duten arren, irailean egingo dute bigarren emanaldia, San Migel Jaien inguruan: “San Migel agertzen da obran, eta Arretxinagarekin oso lotuta dagoenez, jaien inguruan egingo dugu”. Hala, printzipioz irailekoa izango da azken emanaldia: “Beste proposamenik egongo balitz agian egingo ditugu gehiago, baina, oso lekura egindako antzezlana da”.
Modu batera edo bestera, baliteke Abarkak martxan jarraitzea: “Herrian egingo diren ekintza puntualetan parte hartuko dugu. Egia da aurrekoan egon ginela pentsatzen hemendik beste pare bat urtera beste zerbait egin behar dugula, baina ikusi egin beharko da. Oraindik asko esatea da zer egingo dugun, baina asmoa, motibazioa, gogoa eta indarra baditugu”.