Beti Jaiko kideek trenaren museoa eta Mirandaola burdinola bisitatuko dituzte
Irteera ekainaren 19an izango den arren, eguenean eta barikuan [ekainak 6 eta 7] eman beharko da izena, 17:00etatik 19:00etara, Beti Jaiko Elkartean.
Azpeitiko trenaren museoa eta Legazpiko Mirandaolako burdinola bisitatu eta ezagutzeko aukera edukiko dute Markina-Xemeingo Beti Jai Elkarteko jubilatuek. Irteera ekainaren 19an izango den arren, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, eguenean [ekainak 6] eta barikuan [ekainak 7], hain zuzen ere. Hala, parte hartu nahi dutenek Beti Jai Elkartean eman beharko dute izena 60 euroren truke, 17:00etatik 19:00etara bitartean; 55 eserlekuko autobusa bete arte eman ahalko da izena.
09:30ean irtengo dira Markina-Xemeinetik, 11:00etarako Azpeitiara iristeko. Han, trenaren museoa bisitatuko dute, eta ostean, lurrun trenean ibiltzeko aukera edukiko dute: 45 minutuko bidaia bat egingo dute Urola bailaratik. Gainera, trena elkarteko kideentzat bakarrik egongo da erreserbatuta.
Azpeitiko bisita amaituta, bazkaria egingo dute bertako jatetxe batean. Bi menu egongo dira aukeran. Lehenengoa aukeratzen dutenek entsalada mistoa, txahal eskalopea eta gazta flana jango dituzte; bigarren menua aukeratzen dutenek, berriz, barazki salteatuak, bakailaoa plantxan eta arroz esnea jango dituzte. Izena ematearekin batera menua aukeratuta eroan beharko da.
Bazkalostean Legazpira joateko bidea hartuko dute, eta Mirandaolako burdinola “interesgarria” bisitatuko dute: “Mirandaola parkearen barruan dago, eta XV. mendean Legazpin zeuden zazpietatik kontserbatzen den bakarra da. XVI. mendean bezala jantzita burdinlariek makinak martxan jartzen dituzte, eta urak hauspo eta mailu erraldoia mugitzen ditu, beragaz burdina gori bizian dagoenean jotzeko”. Burdinolaren ondoan, berriz, Mirandaolako kapera dago, eta bertan Gurutze Santuaren “mirari ospetsua” ospatzen da.
Irteeragaz amaitzeko, mokadu bat jango dute: “Burdinlariek pintxo olagizon goxoa egingo dute burdinolako txingarretan”. Ostean, Markina-Xemeinera itzuliko dira.