Ziortza-bolibartarrek medikua eta erizaina eskatzeko elkarretaratzea egingo dute eguenean
Eguenean [ekainak 6], 12:00etan, Markina-Xemeingo anbulatorio aurrean elkartuko dira.
Ziortza-bolibartarrek mediku eta erizain zerbitzua herrian edukitzeko borrokan jarraitzen dute. Izan ere, bi urte baino gehiago dira herrian medikurik ez dutela: “2020ra arte astean egun batean izaten genuen zerbitzua. Orain, ordea, ez daukagu ez mediku, ez erizainik”.
Hori horrela, talde argazkia atera dute herriko elkarte eta eragileetako kideek, herritar denei eguenean [ekainak 6] egingo duten elkarretaratzera joateko deituz; 12:00etan Markina-Xemeingo anbulatorio aurrean elkartuko dira, eta astean behin, gutxienez, mediku eta erizain zerbitzua herrian izan dezaten eskatuko dute. Hamaika izan dira elkarretaratzeagaz bat egin eta antolatzen aritu direnak: Markola Guraso Elkartea, Aranbaltz Kultur Elkartea, Kanpape Jubilatuen Elkartea, Iruzubietako eta Ziarregiko soziedadeak, Bolintxu Ziotza-Bolibarko energia komunitateak eta Ziortza-Bolibarko Udalak.
Herritarrek argi dute ez dutela amore emango herrian osasun zerbitzuak eduki arte: “Ez gara nekatuko, medikua lortu arte lanean jarraituko dugu. Gure eskubidea delako herrian mediku eta erizain zerbitzua edukitzea”.