Aulestitik Ispasterrera bidaiatuko du 'Basques in Australia' erakusketak
Ekainaren 9an [domeka] amaituko da 'Basques in Australia' erakusketa Aulestin eta gero, Ispasterrerako bidea hartuko du. “Oso pozik” agertu dira antolatzaileak erakusketak izan duen harrerarekin.
Barikuan [maiatzak 31] zabaldu zizkioten ateak Basques in Australia erakusketari Aulestin, Esther Korta Australiar Elkarteko kideak eta erakusketaren komisarioak, gidatu zuen aurkezpena. Ekainaren 9an [domeka] amaituko da, eta Ispaster izango da hurrengo geltokia.
Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan inauguratu zen iazko irailean, Euskal Diasporaren Nazioarteko Egunean, eta ordutik, herri desberdinak igaro ditu. Lea-Artibai eskualdean ere herriz herri ibili da, elkarteko kideentzat garrantzitsua baitzen herri txikietara ekarri eta Australian bizitako euskaldunek erakusketaz gozatzeko eta beraien bizipenak kontatzeko aukera izatea. “Erakusketa ibiltaria izatearen arrazoietako bat hori izan da, bertan bizitakoek aukera izatea erakusketa lehen pertsonan ikusteko eta bakoitzaren bizipenak partekatzeko, protagonistak beraiek direlako”, azaldu du Kortak.
Hamar panelez osatutako erakusketa da eta bakoitzak gai bat jorratzen du, guztiak batuz osatzen dute Euskal Herritik Australiara joandakoen historia. “Bizipen pertsonalez gain, Australiara joandako edozein pertsona ordezkatzen dute erakusketan ageri direnen izen-abizenek”.
Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera hasi ziren lekukotzak hartzen eta Bilboko Diasporaren artxiboan gorde zituzten: “50 elkarrizketa inguru egin genituen eta argazki pila bat lortu. Istorio horiek erakutsi egin behar genituela pentsatu eta poliki-poliki hasi ginen. Hortik etorri zen erakusketa bat sortzearen ideia, hitzak ahaztea errazagoa baita”.
“Oso pozik” agertu dira antolatzaileak erakusketak izan duen harrerarekin eta egindako lanaren ondorio izan dela ere azpimarratu dute: “Ez genekien nolakoa izango zen erakusketak izango zuen harrera baina oso ona izan da, jende asko igaro da bertatik, batzuk kuriositatez eta beste batzuk istorio honen parte izan direlako. Lan handia egon da guzti honen atzean eta bere fruituak ematen dabil”.