Ehunka lagunen artean jarriko diote ahotsa Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberriari
Klasikoen XVII. Irakurraldi Jarraitua egingo dute bihar [ekainak 6] Arriaga Antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta.
Urtero antolatzen du Klasikoen irakurketa jarraitua Bilbo Zaharra euskaltegiak eta aurten, Kirmen Uribe ondarrutarraren Bilbao-New York- Bilbao eleberria izango da protagonista. Berrehundik gora izango dira sei orduz Uriberen lana irakurriko dutenak. Bihar [ekainak 6] izango da irakurraldia, 08:00etan hasi eta 14:00etan amaituko da Arriaga Antzokian.
Idazleak berak irakurriko ditu lehen lerroak, baita azkenengoak ere eta bigarren gonbidatua “berezia” izango da. “Liburuaren hasiera eta amaiera irakurriko ditut nik eta bigarren gonbidatua nire ama izango da. Nik luzatu nion gonbidapena, bera izan baitzen euskararenganako dudan maitasuna transmititu zidana eta omenaldi hori egin nahi izan diot”. Beste ehunka lagunek irakurriko dute eleberria, horien artean, Nacho de Felipe musikaria eta Andres Urrutia eta Euskaltzaindiako Lehendakaria ere aurkitu genitzake eta mundu guztiko Euskal Etxeetako ikasleek streaming bidez egingo dute irakurraldia.
Poz handia hartu zuen idazleak albistea eman ziotenean, hainbeste euskal klasikoen artean berea ere egoteak “zirrara” berezia sortu zion: “Zirraratik eta arduratik hartu dut albistea. Sarrionandia, Saizarbitoria, Txomin Agirre edo Gabriel Aresti bezalako idazleen artean ni egoteak poz handia ematen dit”.
Euskara eta euskal kulturaren garrantziaz jardun da Uribe eta honen zabalpenaren beharrezkotasuna ere azpimarratu du: “Euskarak eta euskal kulturak lekua izatea beti aldarrikatuko dut. Euskal kulturak beste gauza batzuen artean, zabalpena eta duintasuna ematen dio euskarari, maitemintzeko arrazoi bat ematen dio. Gure hizkuntza eta kultura zabaldu egin behar ditugu. Milaka urte dituen hizkuntza da gurea, mundu guztiari eskaintzen dioguna. Mundua askotarikoa da euskararengatik”.
Askatasun ariketa bat. Zerbait “desberdina” eta “apurtzailea” egin nahi izan zuen Kirmen Uribek Bilbao-New York-Bilbao eleberriarekin. “Askatasun ariketa bat izan zen niretzako. Argi neukan arrantzaren gainbeheraren inguruan idatzi nahi nuela, itsasoarekin daukagun harremanari buruz, baina ez nuen ohiko eleberri bat izatea nahi. XXI. mendeko aurrerapenak kontuan hartu nahi nituen”.
Pozgarria da idazlearentzat Ondarroako herrian eta herriko arrantzan girotutako lanak horrelako oihartzuna izatea. Hamahiru hizkuntzetara itzulita dagoen lana da eta Espainiako Narratiba Saria irabazi zuen 2009an.