Ingurumen asteburua ospatuko dute Ziortza-Bolibarren
Zapatuan [ekainak 8], besteren artean, baserritarren azoka egingo dute, 11:00etatik aurrera. Domekan [ekainak 9], berriz, erreka garbituko dute.
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna gaur [ekainaren 5] izango dela aprobetxatuz, Ziortza-Bolibarko Udalak ingurumen asteburua ospatuko du zapatuan eta domekan [ekainak 8 eta 9]. Bi egunetan, ez da ingurumenari lotutako ekintzarik faltako herrian; udalagaz batera, Lea-Artibaiko Amankomunazgoak, Lea-Artibaiko Landa Garapen elkarteak eta herriko taldeek antolatu dituzte ekimenak.
Hala, zapatuan 11:00etan emango diote hasiera asteburuari. Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuko Unzalu Salterain egongo da herrian, elikadura burujabetzari buruzko hitzaldia ematen; hitzaldia entzun eta Salterainegaz solasaldi bat izan nahi dutenek osoko bilkura aretoan edukiko dute horretarako aukera.
Hitzaldia hasteagaz batera zabalduko dute baserritarren azoka ere. Bertoko ekoizleak indartzeko asmoz, Bolibarko eta Lea-Artibaiko zazpi ekoizleren postuak egongo dira: ardi eta ahuntz gaztak, txerrikiak, baserriko ogia, pastelak… denetarik erosteko aukera egongo da. Azoka gutxi balitz, Lea-Artibai Amankomunazgoak ere edukiko du bere postua, eta konposta banatuko dute herritarren artean: “Herritarrek konpost sistemari buruzko informazio zuzena jaso ahal izango dute. Gainera, Andonegin egindako kalitate oneko konposta eroan ahal izango dute etxera, eta baita tomate landare bat ere, etxeko lorontziren batean ipintzeko modukoa. Garrantzitsua da ingurumena zaintzeko geure hondakinak ondo bereiztu eta organikoa konposta egiteko erabiltzea”.
Antolatzaileek gaineratu dutenez, Tantai baso jabeen kooperatibak ere postu bat edukiko du, baso jabeei aholkuralitza emateko asmoz: “Tantai kooperatibak bakarrik ingurumena errespetatzen duten zuhaitz espezieak baliatzen ditu landaketetan”.
Ingurumen asteburua biribiltzeko, berriz, udalaren eta Aranbaltz kultur elkartearen ekimenez erreka garbitzeko elkartuko dira herritarrak. Gainerako herriko taldeen babesagaz eta Uraren Euska Agentziak koordinatuta, Beheko Zubitik hasi eta Errotalderainoko erreka tartea garbituko dute, 10:00etatik aurrera. Antolatzaileek katiuskak eta eskularruak ekartzeko eskatu diete herritarrei.
Helburuak. Bai baserritarren azokak, eta baita erreka garbiketak ere, helburu zehatzekin antolatu dituzten ekimenak izan dira. Baserritarren azokagaz, esaterako, berton ekoiztutako elikagaiak eskuratzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute: “Ekimen honekin gure elikadurari erabateko garrantzia eman nahi diogu”. Era berean, bertoko ekoizleei toki bat egin nahi izan diete.
Erreka garbiketagaz, ostera, herritarren kontzientzia piztu nahi izan dute: “Herritarrak kontzientziatu nahi ditugu hondakinak errekara botatzeak duen kalteaz. Errekek, itsasoak eta ingurumenak duen garrantziaz jabetuarazi nahi dugu jendea. Kutsadurari aurre egin beharra dago guztion artean, bizi osasuntsuago bat eduki ahal izateko”.