Lekeitiok estropada egarriz jarraitzen du
Zapatuan [ekainak 8], Lekeitioko 13. Ikurriña lehiatuko dute, 10:30etik aurrera.
Datorren zapatuan [ekainak 8], Bizkaiko Traineru Txapelketa ospatu eta astebetera, Lekeitio arraunaren epizentro bihurtuko da berriro: Lekeitioko 13. Ikurriña lehiatuko dute. Euskal Herriko arraun elkarte puntakoenak bilduko dira bertan, iaz Bermeo-Urdaibaik eskuratutako bandera aurten zeinek poltsikoratuko. Hala emakumezkoen, nola gizonezkoen lehia egongo da, 10:30etan hasita. Hori orduko, taldeetako delegatuek bilera egingo dute 09:30ean, Ekaitz egoitzan.
Emakumezkoen ikurriñan Hondarribia, Hibaika, Kaiku eta Zumaia ariko dira; erlojupeko estropadan, aldiz, San Juan, Hernani, Ondarroa, Deustu eta Zarautz. Gizonezkoei dagokienez, bandera bi txandatan erabakiko da: batean, San Pedro, Santurtzi, Arkote eta Zumaiak lehiatuko dute; bestean, berriz, Bermeo-Urdaibaik, Oriok, Kaikuk eta etxeko talde Isuntzak. Erlojupeko neurketan zortzi klubek neurtuko dituzte indarrak: Lutxanak, Hibaikak, Portugaletek, Orio B-k, Deustuk, Hondarribia B-k, Zarautzek eta Elantxobe eta Mundakako arraun elkarteek osatutako Busturialdeak.
Lekeitioko lehiaz gain, asteburuan Euskadiko Traineru Txapelketa ere lehiatuko dute: domekan izango da, Donostiako Kontxan
Leketiokoa ez da arraunak asteburuan edukiko duen hitzordu bakarra izango. Izan ere, Bizkaiko lehiatik sailkatutako parte hartzaileek Euskadiko Traineru Txapelketa jokatuko dute Kontxan. Domekan [ekainak 9] izango da Donostiako neurketa, 11:00etan hasita.