200 ganadu buru batuko ditu Etxebarriko Ganadu Azokak
Zapatuan [ekainak 8] 10:00etan zabalduko dute azoka, Galartza industriagunean. Animaliez gain, jakien hamar postu egongo dira, eta 18:00etan artzain txakur lehiaketa ere egongo da.
Eskualdean lehenengo sektorean lanean aritzen direnentzat hitzordu garrantzitsua bihurtu da Etxebarriko Ganadu Azoka. Zapatuan [ekainak 8] inguruko abeltzain nahiz ekoizleen elkargune bihurtuko da Galartza industriagunea. Lehenengo sektorean eta ganadutegietan Etxebarrik duen indarra eta ahalmena erakusteko modua izango da zapatukoa: “Etxebarriak zelan lehenengo sektorean eta ganadutegietan indarra daukan, hori erakutsi nahi dugu, eta baserritarrek ere hori ikus dezaten nahi dugu: eurek indarra dutela”.
Hori erakusten egongo dira, hain zuzen, hamar jaki postu eta 200 ganadu buru. “Iazko animali kopuru antzekoa edukiko dugu; oso pozik gaude erantzunarekin. Azkenean, eskualdeko erreferenteak gara. Markina-Xemeingo azokan ere ikusi daiteke Etxebarria dela lehenengo sektorean animalien arloan indartsuen dagoena”, azaldu dute antolatzaileek.
Hori horrela, 10:00etatik aurrera zabalduko dituzte jakien postuak; eztia, gazta, bertoko esnekiak, gozokiak… denetarik egongo da aukeran. Aldi berean zabalduko dute ganaduen erakusketa eta salerosketa azoka ere: behiak, zaldiak, astoak, poniak, ardiak eta ahuntzak, denak egongo dira bertaratzen direnek ikusteko moduan. Era berean, nahi dutenentzat taberna ere egongo da, besteak beste, taloak jateko aukeragaz. 14:00etan emango diete amaiera azokari.
Igor Elordi markina-xemeindarrak I. Artzain Txakur Lehiaketan parte hartuko du
Azoka amaituta ere, arratsaldean egongo da zer egina bertan. 18:00etan I. Artzain Txakurren Lehiaketa egingo dute, Uribe aurrean (Errekarteko zelaian). Aurtengoa “lehiaketa tradizionala” izango dela azaldu dute antolatzaileek: “Iaz beste sistema bat erakutsi genuen, eta aurten tradizionala erakutsiko dugu. Datorren urtean baliteke beste ekintzaren bat egotea, azken finean, erakusketa bat delako egiten duguna”.
Hori horrela, sei parte hartzailek eman dute izena; horietatik bat, Markina-Xemeingoa izango da. Igor Elordi eta Lagun bere txakurra izango dira eskualdeko parte hartzaile bakarrik. Elordigaz batera ariko dira Asier Dakosta aretxabaleta eta Zeru, Javier Gastañaga antzuolarra eta Cool, Jon Olivares zeanuritarra eta Bizi, Mikel Pagazaortundua lemoarra eta Lay, eta Pello Segurola Matxinbentako auzotarra eta Argi. Epaileak, berriz, Bittor Bengoetxea eta Xabier Gastañaga izango dira.