Mikel Etxaburuk 'Manttalingo alaba' liburuaren emanaldi musikatua eskainiko du
Idazle ondarrutarrak bere azken liburuaren ikuskizuna emango du barikuan [ekainak 7], Saturraranen.
Manttalingo alaba Mikel Etxabururen azken liburua da. Idazlearen ardatza Saturrarango kartzelan emakumeek bizitakoa oroitzea eta aitortza egitea da. Oraingoan, bestelako bideak ere bilatu nahi izan ditu, eta barikuan [ekainak 7] liburuaren emanaldi musikatua emango du, 19:00etatik aurrera, Saturrarango aparkalekuan. Iaz Gasteizko Ernestina de Champourcin poesia lehiaketa irabazita, Pamiela argitaletxearen eskutik argitaratu du liburua.
Hain zuzen ere, hondartza horretan egondako emakumeen kartzelan egin nahi izan du ikuskizuna. «Gaur udatiarrek autokarabanak aparkatzen dituzten tokian, lehen Saturrarango kartzela zegoen. Gaur haurrak jostatzen diren toki berean, lehen haurrak amengandik banatzen zituzte, eta erregimenarekin bat egiten zuten familia dirudunei eskaintzen zizkieten. 4.000 emakumetik gora egon ziren preso Saturrarango kartzelan, eta horietatik 200 hil egin ziren». Ondarrutarra ez da bakarrik egongo, Nerea Zuloagak abestuko baitu, Jon Gardokik akordeoia jo eta Irina Alvarezek biolina. Oroitza, aitortza, mina eta esperantza biltzen ditu Manttalingo alaba liburuak. «Besarkada estua emakume errebelde eta arriskutsu izan zirenei eta zaretenoi. Oroitzen dugun hori gara!».