Lehenengo aldiz ospatuko da Aurrera eguna Ondarroan
Ekainaren 22an [zapatua] egingo da Aurrera eguna Ondarroan lehenengo aldiz, Aurrera Kirol Elkartearen baitan dauden lau taldeen eskutik: futbola, txirrindua, mendia eta kukaña.
Une egokia ikusi dute aurten, lehenengo Aurrera Eguna antolatzeko. Ekainaren 22an [zapatua] ospatuko da Ondarroan eta helburu desberdinak dituzte Aurrera Kirol Elkarteko kideek. Alde batetik, Aurreraren izenpean kirola egin eta bultzatzen ari diren taldeen eta bertako kideen harremana sustatzea, eta bestetik, Aurrera herrira eta herritarrengana hurbiltzea.
2021ean izan zen Aurrera Kirol Elkartearen mendeurrena eta bertatik etorri zen ideia, baina, pandemia tarteko ezin izan zuten jaia aurrera eraman. Orain, momentu egokia dela ikusi dute: “Askotan ematen du elkarrekin loturarik ez daukagun lau talde garela, baina denok gatoz leku beretik. Herriaren izaeran errotuta dago Aurrera eta hori plazaratu nahi dugu jai honekin”.
Kohesio eta harrotasun sentimendu bat lortu nahi dute egunarekin, herritarrei Aurrera herriarena dela erakutsi, hain zuzen. Horregatik, egitarau barruan dauden jarduera guztiak herrikoiak izango dira, “herritar guztientzat egongo dira ateak zabalik, giro onean gozatzeko aukera egongo da”. Jolas eta jarduera desberdinak antolatu dituzte eta egongo den lehiaketa bakarra Euskal Herriko Kukaña Txapelketa izango da. “Lehenengoa ez da inoiz erraza izaten baina espero dugu jendeak jardueretan parte hartzea eta herri bazkarira ere etortzea, Aurrera guztiona delako, bai kirolariena eta bai ikusleena, oro har herriarena”. Idiakez eta Kuriken daude salgai bazkaritarako txartelak, 10€ umeena eta 15€ nagusiena. Menua ondorengoa izango da: haragi paella, postrea eta kafea. Edariak ere prezioan sartuta daude. Norbaitek alergiarik izanez gero, aurretiaz abisatzeko eskatu dute, cdaurrera@telefonica.net posta elektronikora.
Egitarauari dagokionez, futbolarekin zerikusirik duen ekintzarik ez antolatzeko erabakia hartu dute, lehen aldi honetan, behintzat. “Lehen lerroan dagoen kirola da, oso ezaguna dena eta uste dugu umeek aukera izan behar dutela beste jarduera batzuk probatzeko”. Arrazoi horregatik antolatu dituzte herri kirol parte hartzaileak, besteak beste, goizeko mendi buelta eta txirrindularien elkarretaratzea eta herri kirolak Mikel Agirre ondarrutarraren eskutik. “Mendi bueltaren irteera Musika Plazatik egingo da 09:30ean eta txirrindukoa, Txirrindu Taldeko lokalaren aurretik, 10:00etan”.
Duela gutxi sortutako Kukaña Taldeak ere izango du bere unea ekainaren 22ko jaian, taldearen abiapuntua izango den I Kukaña Txapelketa burutuko baita egunean bertan. “Hasieratik erakutsi zuten Aurreraren baitan egoteko nahia eta guretzako ohore bat da herrian talde berri bat sortu eta Aurrera izenaren azpian lehiatu nahi izatea”. Ofizialki, ekainaren 21ean onartuko da Kukaña Taldea Aurreraren baitan egoteko puntua, Bazkideen Ohiko Asanblada Orokorrean. “I Kukaña Txapelketako izen ematea zabalik dago, aurrerakukanataldea8@gmail.com helbidera mezua bidali eta kitxo”. Arau bakarra izango du txapelketak: 18 urte edo gehiago izatea. Irabazleak 1000 euroko saria, txapela, ikurriña eta Ondarroako kontserbagileen opari bat irabaziko ditu. Horrez gain, publikoaren saria ere egongo da. Txapelketaren ondoren, musikarekin girotuko dute Alde Zaharra jaiari amaiera emateko, 21:00ak aldera arte.
EGITARAUA
Zapatua, ekainak 22
- 09:30. Mendi irteera Tontorramendira. Musika Plazatik. Amaitutakoan, hamaiketakoa Musika Plazan.
- 10:00etan. Ondarruko txirrinduzaleen kedada. Irteera, Txirrindu Taldearen lokal aurretik. Bi aukera: Lekeitiora joan-etorria, umeentzat kostatik edo nahi duen guztiarentzat Milloiko buelta. Amaiera, Alamedan, hamaiketakoarekin.
- 12:00etan. Herri kirol parte hartzaileak umeentzat, frontoian. Probatu eta ikasi! Mikel Agirreren eskutik.
- 14:30ean. Herri bazkaria Musika Plazan. Txartelak salgai Idiakezen eta Kuriken. 10€ umeek eta 15€ nagusiek.
- 16:00etan. Omenaldiak, aitortzak eta zozketak Musika Plazan.
- 17:00etan. Guztia batu eta kukaña ikustera goaz Alde Zaharrera.
- 18:00etan. Euskal Herriko I. Kukaña Txapelketa.
- Ostean. Musika Alde Zaharrean.