Lekeitioko Udala Udalbiltzara batu da
Joan barikuan Lekeitio Udalbiltzara [ekainak 7] batu zen, Iturmendin egindako Batzar Nagusian.

Udalbiltzak ez ohiko batzar nagusia egin zuen pasadan barikuan (ekainak 7) Iturmendin, eta bertan izan ziren Lekeitioko udal ordezkariak ere. Izan ere, Lekeitiok Udalbiltzara batzea erabaki du. Kostako herriaz gain, partzuergokideen zerrendara gehitu ziren Atxondo, Azpeitia, Bergara, Iturmendi eta Lesaka. Jakinarazi dutenez, aho batez onartu zuten horien batzea.
Zazpi herriak Udalbiltzan sartzea onartzeaz gain, beste zenbait gai landu zituzten ez ohiko kontseilu nagusian, urteko administrazio kontuak onartzea, esaterako. Urtarrileko batzar orokorrean Udalbiltzaren norabide eta irudi berria aurkeztu zituzten, eta ekaineko bilera baliatu zuten partzuergokideei azken sei hilabeteetan egindakoa aurkezteko, urtarrilean ezarritako hiru zutabeak oinarri hartuta: herri jasangarria izatea, memoria duen herria izatea eta herri zaintzaile eta hezitzailea eraikitzea.
Hala, herri jasangarria lortzeko bidean, energiaren alorrean martxan dituzten lanketak aurkeztu zituzten, eta zapatuan Legorretan duten hitzordua gogorarazi zuten; izan ere, Energia komunitateak: harreman-sareak ehuntzen topaketa antolatu du Udalbiltzak.
Bigarren zutabeari jarraituz, memoria duen herri euskalduna eta askotarikoa eraiki gura dute, eta Geuretik Sortuak beka dela horren adibidea adierazi zuten. Izan ere, bigarren edizioa azken txanpan dago, eta horren balorazioa egiten ari dira, hirugarren ediziorako prestakuntza lanak martxan jartzeaz gain.
Herri zaintzaile eta hezitzailea eraikitzeko bidean, hezkuntzan egiten ari diren lanketak aurkeztu zituzten. Gainera, Udalbiltzak antolatuko dituen bi udako ikastarietan izena emateko gonbidapena ere luzatu zuten: Retos y oportunidades de una Transicion Energetica Local ikastaroa egingo dute ekainaren 20an eta 21ean Bilbon, Bizkaia Aretoan; eta, bestalde, UEUko udako ikastaroen baitan, Iratzar Fundazioagaz elkarlanean, Elkarrekin hobe? Euskal lurraldeen arteko artikulazioak hizpide ikastaroa antolatu du Udalbiltzak Iruñean, Katakrak liburu dendan ekainaren 26an.