Oreka nagusi, Markina-Xemeingo Grand Slamean
Gaur [ekainak 11] aurkeztu dute zapatuan hasi eta uztailaren 16ra arte luzatuko den txapelketa. Sarrerak eta bonoak salgai daude.
Gaur [ekainak 11] aurkeztu dute Markina-Xemiengo Grand Slama Uni pilotalekuan. Zapatuan [ekainak 15] hasi eta herriko Karmen Eguneko uztailaren 16ra luzatuko da txapelketa. Eraman Jai Alaiko arduradunek azpimarratu dute pilotaririk onenek jokatuko dutela, eta batez ere, Lea-Artibai Jai Alai Ligako fase erabakigarriaren hasiera izango dela.
Bi multzo osatu dituzte eta bakoitzeko lehen bi sailkatuek egingo dute aurrera finalaurrekoetara. A multzoan daude Erkiaga-Zabala, Barandika-Lopez eta sailkapen txapelketatik sailkatutako Laduche-Basque eta B multzoan daude Olharan-Ibarluzea, Johan-Del Rio eta Goitia-Gorka. Puntistek bikoteen arteko oreka nabarmendu dute, hala ere, bi bikote izan dira denen ahotan egon direnak, txapelketa hasiko dutenak, hain zuzen ere: Barandika-Lopez eta Erkiaga-Zabala. Gernika-Lumotarra eta markina-xemeindarra oraindik lesio larrietatik erritmoa hartzen ari dira.
Zabala “pozik” agertu da etxean Grand Slamera itzultzeagatik. Iparraldeko All Starra irabazi zuen, baina Bilboko Iron Cupetik kanpora geratzerakoan erritmo apur bat galdu duela onartu du. “Entseguak egin ditut, baina ez dira partidak bezalakoak. Seguru zapatuko lehen tantoetan igarriko dudala, lesiotik %100 berreskuratuta nago, baina kantxan lekua eta martxan hartzen joango naiz”. Erkiaga ondo baino hobeto ezagutzen du, askotan jokatu dute batera eta ondo elkar ulertzen dute, beraz, “asko lagunduko” duelakoan dago.
“Edozeinekin ondo jokatuko dezakedala erakutsi behar dut, aukera ederra dut ondo ezagutzen duen frontoia izaterakoan”
Barandikak ere hilabete bat darama partidarik jokatu barik, baina duela urtebete txapela jantzi zuen Unin. Bilboko txapelketa “martxan joaten hartzeko” balio izan zion aurrelariari. “Gogo asko ditut, Uni ez ez plaza erraza, batez ere hemen entrenatzera ohituta ez gaudenontzat”. Horrez gain, aitortu du Lopezegaz jokatzeak, hautagaien zerrendan kokatzen zaituela automatikoki: “Ez dut presiorik, lesio luze batetik nator, irabaztera aterako naiz, baina burua gehiegi jan barik”.
Beste modu bat.
Lopez ere bestelako erritmo batekin helduko da. Hiru hilabete eta erdi egon da Estatu Batuetako kristalezko frontoian. “Beste esperientzia bat bizi eta jokatzeko beste modu bat ikusi” duela dio eta batez ere “erritmoa mantentzeko” balio izan diola. Iaz Goitiagaz tanto bakar batengatik geratu zen finalaurrekoetatik kanpo eta horregatik “gogotsu” dago. Bere hutsunean Erkiagaren erabateko nagusitasuna onartu du, “edozein atzelarigaz irabazi du”. Unin entseguak egin ditu eta “uste baino baino sentsazio hobeak” izan dituela esan du: “Agian bizpahiru partida beharko ditut guztiz egokitzeko eta sentipenak kantxan egoten hobetzen dira”.
Ion Ibarluzeak oraingoan ez du Erkiagagaz jokatuko, Jean Olharan izango du aurrelari, Ameriketan egon den beste puntista bat. “Argi zegoen noizbait bananduko gintuztela, beti ezin dugu batera jokatu”. Iron Cup irabaztetik “konfiantzaz gainezka” helduko dela dio, gainera etxean jokatuko du. Bi bikote hautagai nagusiak beste multzoan daudela nabarmendu du, B multzoan “edozer” pasa daitekeela dio. Iparraldeko txapelketetan oraindik ez du aukerarik jaso, beraz, “edozeinekin ondo jokatuko dezakedala erakutsi behar dut, aukera ederra dut ondo ezagutzen duen frontoia izaterakoan”. Alde horretatik, irabazitako bi txapelek presioa kendu diotela adierazi du.
Markina-Xemeingo Grand Slamerako sarrerak eta bonoak salgai daude, banakoak 12 eurogatik eta multzokoak 62 eurogatik. Markina-Xemeinen ondotik, Iparraldeko txapelketa nagusiak etorriko dira (Donibaneko Nazioartekoak eta Biarritzeko Urrezko Xistera), baita Paueko Kopa eta Gernikako udako Grand Slama ere. Asteko egun guztietan izango dira Jai Alai Ligako partida ofizialak. Astelehen eta egueztenetan Biarritzen, martitzen eta eguenetan Donibanen, barikuetan Pauen eta asteburuetan Hegoaldean.
Egutegia:
- Ekainak 15, 19:00etan:
- Olharan-Ibarluzea vs Johan-Del Rio
- Erkiaga-Zabala vs Barandika-Lopez
- Ekainak 22, 19:00etan:
- Goitia Gorka vs B multzoko lehen jardunaldiko irabazleak
- Laduche-Basque vs A multzoko lehen jardunaliko irabazleak
- Ekainak 29, 19:00etan:
- Goitia Gorka vs B multzoko lehen jardunaldiko galtzaileak
- Laduche-Basque vs A multzoko lehen jardunaliko galtzaileak
- Uztailak 6, 19:00etan:
- Finalaurrekoa: A multzoko lehena vs B multzoko bigarrena
- Finalaurrekoa: A multzoko bigarrena vs B multzoko lehena
- Uztailak 16, Karmen Eguna, 18:00etan
- Emakumeen desafioa
- Grand Slameko finala (ETB)