Badator XIX. Markina Shots, "betikora itzuliz"
Bihartik [ekainak 13] zapatura [ekainak 15] rock doinuz beteko dira Markina-Xemeingo kaleak. Bihar [ekainak 13] Old Time Spooks talde bilbotarraren txanda izango da.
Rockak badu bere tokia Markina-Xemeinen, eta hori Markina Shots da. Entsegu lokala uztearen truke eskerrak emateko modua zena hasieran, Lea-Artibaiko eta inguruetako rock zale eta musikazaleentzat ezinbesteko hitzordu bihurtu da. Jaialdiaren hemeretzigarren aldia ospatuko dute bihartik [ekainak 13] zapatura [ekainak 15] bitartean, “betikora itzuliz”.
Toki, data eta formatu desberdinak probatu dituzte antolatzaileek, eta jaialdiaren alderdi musikala errotuta ikusten dute: “Musikaren alderdia egonkortuta dago: hiru eguneko formatua eta musika estilo honekin. Ze, halako festibalak ez daude toki askotan”. Gaineratu dutenez, orain arteko guztiak bezala, aurtengoa ere sarrerarik barik izango da: “Markina-Xemeingo Udalaren diruarekin antolatzen dugu dena, eta herriari begira egin nahi dugun gauza bat da. Kontzejupean egitearen arrazoia ere hori da: bertatik pasatzen direnek ikustea”. Jaialdiari bultzada eman nahi dietenek Markina Shotseko kamisetak aukera edukiko dute.
Zapatuan [ekainak 15] Ama Say, The Wylde Tryfles eta Pajaro taldeek joko dute.
“Ondo pasatzeko” eta “iazko maila mantentzeko” helburuagaz, eguenean [ekainak 13] Old Time Spooks talde bilbotarrak emango dio hasiera jaiari. Herriko “hiruzpalau” tokitan joko dute, 19:00ak inguruan Babeletik hasita. Ordutegi zehatzik ipini gabe ibiltzen dira kalez kale: “Alde zaharretik ibiliko gara: kalera irteten denak entzun egingo du”. Old Times Spooks taldekoek euren musika “Spooky Hillbilly Punk” moduan sailkatzen dute, eta udako girarekin batera helduko dira Markina-Xemeinera. 30 data baino gehiago dituzte zehaztuta: Markina Shotsen ostean, Gasteizko Azkena Rock Festival jaialdian joko dute.
Barikuan [ekainak 14] ere, herriko kaleetan zehar egingo dute jaialdia. Orkresta Elektrotunaren txanda izango da: horiek ere Babel inguruan hasiko dute euren ibilbidea, 19:30ean, eta 22:00etan Vega parean amaituko dute. Gelditzeko astirik barik, Micky & The Buzz taldeak hartuko du erreleboa: “Talde hau edukitzea luxu bat da guretzako. Jump blues rockabilly estiloa jotzen dute. Jarraian hasiko dira, jendea ez joateko”.
Jaialdiagaz goi-goitik amaitzeko, zapatuan [ekainak 15] hiru talde igoko dira Kontzejupeko oholtzara, 20:00etatik aurrera: Ama Say, The Wylde Tryfles eta Pajaro. Ortuella, Bordele eta Sevillako taldeak dira, hurrenez hurren, eta dena hankaz gora ipintzeko asmoz helduko dira Markina-Xemeinera. “Oso ondo hitz egin digute Markina Shots-i eta bertakoei buruz, eta pertsonan egiaztatzera gatoz. Desiratzen gaude”, hala idatzi dute Pajaro taldekoek euren sare sozialetan.
Garagardoa, aukeran. Garagardoak ere berebiziko garrantzia edukiko du jaialdian. Zapatuan, kontzertuen aurretik Korribeer egingo dute. 19:00etan emango diote hasiera lasterketari, Kontzejupean: 500 metro inguruko hiru itzuli eman beharko dute herrian, eta itzuli bakoitzaren ostean garagardo bat edan beharko dute. Iaz, gainera, formatu “ideala” aurkitu zuten: “Formatua aldatzen joan gara, baina iaz funtzionatzen duen formatu ideala aurkitu genuen”. Lehen pertsona batek egiten zuen lasterketa guztia, eta orain sei pertsonarainoko taldeak egin ahalko dira: “Talde bakoitzak hiru buelta eman behar ditu, baina eurek nahi duten bezala antolatu daitezke: egin daiteke batek korrika egitea eta besteak garagardoa edan, hiru lagunek parte hartu eta bakoitzak itzuli bat egin…”. Aurten gainera, sariak banatuko dituzte: 100 euro, txapela eta garagardo bana irabazleentzat, eta 50 euro eta garagardo bana, bigarrenen taldearentzat.
Era berean, Boga garagardoak ere postu bat ipiniko du bariku eta zapatuan, eta ez nolanahikoa, gainera: “Garagardo bat egin dute Markina-Xemeingo limoiekin. Barikuan Bogan aurkeztuko dute, eta iluntzean hemen edukiko ditugu”. Limoidun garagardoaz gain, beste hainbat ere egongo dira aukeran.