Eman eta jaso, bi norabidetan
'Komunitateari proiektua' ikasgaia aurrera eraman dute Ondarroa BHIko ikasleek, Artibai Egoitzarekin elkarlanean.
Garrantzitsua izan ohi da komunitate zabalari begira lan egitea eta are garrantzitsuagoa eman eta jaso ahal izatea. Ingurura begiratu eta hirugarren adinari begira jarri dira Ondarroa BHIko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleak, zehazki, Artibai Egoitzan jarri dute begirada eta bertako langile zein zuzendaritzako kideekin elkarlanean burutu dute komunitateari proiektua ikasgaia. Egoiliarrei kalitateko denbora eskaini, zailtasunen aurrean lagundu eta dituzten galderei erantzunez ibili dira ikasturte guztian zehar.
Adin horretako lau talde dituzte Ondarroa BHIn eta laurek hartu dute parte proiektuan eta 15 egunetik behin joan dira egoitzara egoiliarrei bisita egitera, talde bakoitza bi egunetan: asteartea eta osteguna.
Proiektu honen helburuak irakaskuntza-prozesua eta komunitatearekin elkarlana artikulatzeaz gain ikasleak inplikazio horretan trebatzea ere bada. Horretarako, beharrezkoa iruditu zaie sektorearen ezagutzan sakondu eta honek sortu ditzaken hausnarketak aktibatu eta bultzatzea. “Ikasleek erabaki dute norekin eta nola lan egin, irakasleok eskainitako markoaren barruan, hau da, jarduera ez da kanpotik zuzendua izan”, aipatu du Onintze San Martinek, Ondarroa BHIko irakasleak.
Iazko urrian hasi ziren proiektuarekin eta hainbat gako zehaztu zituzten horretarako: “Ikasle eta irakasleon elkarlanetik sortu dugun proiektua da eta ondoren, ideia bere egoitzako langileekin definitu dugu”. Ikasleen autonomia eta jarrera positiboa bultzatzea ere kontuan hartu dute: “Jarrera positiboa izaten ikasi beharra dago, aldaketekiko toleranteak izaten eta inprobisazio trebetasunak praktikan jartzen”. Hausnarketa kritikoari bidea ireki eta honetarako tresnak ematea ere izan da beste gakoetako bat, honetarako, ardura pertsonal eta kolektiboen eztabaidan mugildu dira.
Hiru denboretan banatu dute proiektua eta lehenengo ikerketa prozesuari ekin diote. Horretarako, egoiliarrei eskaini dezaketenaren inguruan hausnartu dute beraien egoera ikertu ondoren. “Lehenengo, non dauden eta bakoitzaren egoera zein den ikertu dugu, oso desberdina baita egoiliar bakoitzaren autonomia edo menpekotasuna”. Beraz, ikertu ondoren, beraiekin burutu ditzaketen ekintzen inguruan pentsatu eta hauetan trebatu dira ikasleak. “Joan aurretik pentsatutako ekintzak praktikatu ditugu ikasgelan. Esan beharra dago, egoitzako zuzendari zein langileekin elkarlana ezinbestekoa izan dela guzti hau garatzeko orduan”.
Bigarren pausoa, ikertu eta pertsatutakoa aurrera eramatea izan da. Profil desberdinekin aurkitu dira egoitzan eta denak uztartu dituzte, bakoitzaren egoerara moldatuz: “Goiko pisuan autonomia gutxiago edo menpekotasun gehiago daukaten pertsonak daude, eta behekoan, alderantziz. Egoitzako langile zein zuzendariek bi profilak uztartzea proposatu ziguten, denontzako aberasgarria izan zedin esperientzia”.
“Ikasleek erabaki dute norekin eta nola lan egin, irakasleok eskainitako markoaren barruan”
Hausnarketa fasean dabiltza momentu honetan, ikusi, ikasi, eman eta jaso dutenaren inguruan pentsatzen, egunerokotasunean praktikara eramateko konpententzien inguruan buruari bueltaka. Aberasgarria izan da esperientzia ikasleentzat, baita Artibai Egoitzako egoiliarrentzat ere. Lortu dute proiektuaren helburua, komunitateari eman eta bertatik ere jasotzea, bi norabideetan.
Esperientzia aberasgarria. “Oso positiboki” baloratu dute ikasleek proiektua, esperientzia aberasgarria izateaz gain, “bizitzako aspektu garrantzitsu bat” ikusteko aukera izan dutela zehaztu dute. “Proiektu honek bizitzaren inguruko hausnarketa handi bat egitera bideratu gaitu eta bizitzako etapa bakoitza bere horretan bizitzera”. Ikasleek diotenez, Artibai Egoitzan egon diren denboran izandako sentsazioak “politak” izan dira eta enpatiazko emozioek ere beraien lekua hartu dute.