Udalerri txikiek "esker ona eta babesa" adierazi diete Lekeitioko Udalari
Lekeitio inguruko herri txikietako herritarrek aparkaleku sistema berrian eurak aintzat hartzea eskertu dute: “Gure beharrak kontutan izatea eta gu ere eragile garela aitortzea eskertzen dugu”.

Lekeitioko Udalak aparkaleku sistema berria aurkeztu eta martxan jartzeko erabakia azaldu zuenetik, alde eta mota guztietako iritziak erakutsi dituzte herritarrek. Herri txikietako herritarrei lekeitiarrek duten besteko eskubideak emateak ere iritzi kontrajarriak plazaratu ditu; hala ere, herritar horiek esker ona adierazi nahi izan diete udalari.
Aparkaleku berriaren diseinuan euren beharrak “aintzat hartu” dituztela eta, eskertuta agertu dira Lea Ibarra eta inguruko herri txikietako herritarrak: “Lekeitioko Udalari gure babesa eta esker ona adierazi nahi diogu. Esker ona herri txikiak eta hauetan ditugun beharrak aintzat hartu dituelako. Babesa eta esker ona, behingoz gu ere kontutan izan gaituztelako”.
Argi dute udalak hartutako neurri “ausarta” herritar “guzti-guztien onurarako” izango dela; gaineratu dutenez, hartutako neurria “zilegi” ez ezik, “beharrezkoa” ere badela uste dute. Eurek ziurtasunez hori hala dela uste duten arren, erabakiak “hautsak harrotu” ditu: “Aparkatzeko sistema berriak Lekeitioko herritarren pare ipintzen gaitu inguruko herri txikiotako biztanleok, eta, zer dauka horrek txarretik ba?”.
Izan ere, Lekeitio da inguruko herrientzako erreferentziazko herria: “Esate baterako, non dago gure erreferentziazko osasun zentroa? Nora joan behar dugu, ba, erosketak egitera? Ikastera? Non ditugu oinarrizkoak diren zenbait zerbitzu? Banketxe, posta bulego, farmazia…”. Eurek ere, gainerako herritar guztien moduan, zergak ordaintzen dituztela arrazoitu dute, eta horregatik, hainbat zerbitzu publiko Lekeition dituztela “ezarrita”.
Txikiak, baina “duinak”. Lekeitio herri txikiz inguratuta dago, eta txikiak diren arren, “duinak” direla gogorarazi dute bertoko herritarrek: “Gure beharrak kontutan izatea eta gu ere eragile garela aitortzea eskertzen eta hobesten dugu”. Era berean, azpimarratu nahi izan dute elkarren bizilagunak direla eta elkar laguntzearen aldeko apustua egiten dutela: “Gainera, elkarren bizilagunak gara. Hainbat hiri eta zerbitzuetatik urrun bizi gara urte osoan, bai lekeitiarrak, bai herri txikietako biztanleak. Eta bai, geure apustua da hemen bizitzea, baina baita elkar laguntzea ere, aldi bateko auzolanean”.