Andraetxeak ikasturte amaierako elkargunea egingo du
Bihar [ekainak 14] urteko balorazioa egingo dute bazkideek.
Martxan ipini zirenetik fruitu asko eman ditu Lekeitioko Andraetxeak, eta heldu zaie ikasturtea agurtu eta urteko balorazioa egiteko ordua ere. Hain zuzen ere, bihar [ekainak 14], 18:00etan, elkartuko dira Andraetxean.
Urteko ekintzen nahiz Andraetxearen eboluzioaren inguruan hausnartu eta balorazioa egiteaz gain, datorren urteko helburuak eta txandak ere finkatuko dituzte: “Gaur egun 80 bazkide gara, eta urtean behin egiten dugun topaketa da. Aurtengoaren balorazioa eta hurrengo ikasturteko hainbat erabaki zehaztuko ditugu, ze, uztaila abuztuan itxita egongo da. Ez da txandarik egingo, eguaztenero bezala, baina, horrek ez du esan nahi ezer egongo ez denik. Bazkideek nahi dutena antolatu dezakete udan ere”.
Itxiera. Balorazioa bihar [ekainak 14] egingo badute ere, datorren astelehenean [ekainak 17] ere badute zer egina. Indarkeria matxistaren inguruko formakuntzaren bigarren saioa egingo dute, Emaginen eskutik: “Protokolo bat finkatuko dugu eraso matxistei aurre egiteko. Mugimendu feministak bere protokoloa edukitzea da helburua. Lehenengo saioan oinarri batzuk ipini genituen: definizioak, juridikoki egoera zein den… Eta asteleheneko helburua praktikara jotzea izango da: Lekeition eraso bat ematen denean zelan jokatu landuko dugu”.
Era berean, beste formakuntza bat ere jaso zuten Andraetxeko bazkideek: “Ikasturte amaieran gauza asko egon dira. Esaterako, feminismorako sujetuen inguruko eztabaida hasi genuen maiatza amaieran. 20 emakume inguru elkartu ginen, eta oso gustura egon ginen”. Kattalin Minerregaz landu zuten formakuntza: “Zalantzan jarri zen feminismoaren ikuspegi klasikoa eta gaur egun zapalkuntza mota ezberdinen arteko gurutzaketaz hitz egin zen. Argi gelditu zen ez dela dena ez beltza ez txuria baizik eta errealitate eta bizipen anitz daudela eta feminismotik guztiei erantzuten saiatu behar garela”. Hori horrela, zalantzan jarri zuten Ujika prozesuan hartutako erabaki batzuk ere: “Besteak beste, espazioaren erabiltzailea nor izan daitekeen edota espazioaren izena bera jarri genituen zalantzan”.