Herriko espazio publikoak landu dituzte. Irailean berrartuko dituzte saioak.
Markina-Xemeingo Udalak herriko ume eta gazteen iritziak eta ikuspegia jasotzeko helburuagaz, bi kontseilu desberdin sortu zituen joan den maiatzean. Alde batetik, umeen kontseilua ipini zuten martxan, Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako umeekin. Bestalde, gazteen kontseilua ipini zuten martxan, Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailako gazteekin.
Lau saio egin ditu kontseiluetako bakoitzak, eta udaberriko saioei dagokien lehen fasea amaitu dute asteon: “Herriko espazio publikoak landu dituzte udaberriko saioetan. Espazio publikoarekin lotuta, herriko ume eta gaztetxoek dituzten beharrak eta desirak ezagutu nahi dira proiektu honen bidez”. Barne lanketa egin ostean, udaleko Lurraldea Batzorde Informatiboagaz elkartu dira, euren ondorioak azaltzeko.
Hori horrela, Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkateak azaldu duenez Ianire de Andres arkitektoarekin batera, semaforoaren teknika erabilita aztertu dituzte herriko espazioak: “Alde batetik, eurak gustura sentitzen diren espazioak identifikatu dituzte, eta bestalde, eurek asko erabiltzen dituzten eta zerbait gehiago eskatzen duten espazioak”. Hala, “espazio askori” buruz hitz egin zuten, eta euren ekarpenak ez dira mugatu soilik umeentzako espazio bezala identifikatzen diren horietara: “Balioan ipini dituzten espazio batzuk agian ez dira umeen espazio bezala diseinatuta daudenak, baina eurek asko erabiltzen dituzte. Oso argi ikusi da herrigunetik kanpo ere beste espazio asko erabiltzen dituztela, eta askotan, espazio horiek ekartzen dute, baita ere, mugikortasuna bermatu beharra”.
Argazkia: Markina-Xemeingo Udala.
Gainera, erabili bakarrik ez, espazio horiek “oso gogoko” dituztela ere jaso dute udal ordezkariek: “Eurek asko erabiltzen dituzte herri gune-gunean ez dauden espazioak, eta oso gogoko dituzte gainera”. Besteak beste, iturriak herriko puntu zehatz batzuetan, euria egiten duenerako aterpeak, eta jolasteko gune gehiago edukitzea eskatu dituzte: “Kexa handia eduki dute azken urteetan hainbat espaziotan jolasa debekatuta dagoenaren kartelak ipini dituztelako”. Era berean, segurtasuna ere “asko” aipatu dute.
Gaztetxoek, berriz, eurentzako espazioen hutsunea nabaritu dute: “Jolasgune moduan ipintzen diren espazioak askotan umeentzako direla ikusten dute, eta eurek ere espazio propioak behar dituztela eta falta botatzen dutela azaldu zuten”. Aipatutako gune asko, herrigunetik kanpora dauden guneak direla azaldu du Lasak: “Gune asko herrigunetik kanpora daude: Skate parkea, kantxak, kiroldegiko parkea… horiek ipini zituzten balioa, edo behintzat, hobekuntzak eginez gero erabilera handituko litzatekeela esan zuten”.
Udalak jakinarazi duenez, Markina-Xemeingo Kaleak Denonak proiektuarekin lotuko dituzte ondorioak. Helburua “urteetan iraungo duen egitura” sortzea denez, udazkenean berrartuko dituzte kontseiluen saioak, irailetik aurrera.