Ruben Bernedo: "Inkontzienteki barneratuta dugunari buruz aritu gara"
‘Bizi mihisean nahi gabe tatuatuak’ diskoa aurkeztu berri du Shibari Talde ondarrutarrak. Sei abestiz osatutako rock alternatiboko lana bezala definitu dute taldekideek.
Pandemia ostean sortu zen Shibari taldea, etxean igarotako denboran buruari emandako buelten eta egindako hausnarketen ondorioz egin zituen abestien zirriborroak Ruben Bernedo taldeko kideak. Taldea Aritz Carrascok (baxua), Urki Gojenolak (Bateria) eta Ruben Bernedok (gitarra eta ahotsa) sortu bazuten ere, egun, Ibon Vicensek hartu dio erreleboa Gojenola bateria joleari. Bizitza loturekin eraikita dagoela dio Bernedok, eta bidean aurrera egin ahala, sarea josten eta mozten doala. Hortik tiraka jarri zioten Shibari izena taldeari, jatorriz japonierazko hitz horrek, «lotura» esanahia hartzen du euskaraz.
Bizi mihisean nahi gabe tatuatuak da aurkeztu berri duzuen lanaren izena. Nondik dator?
Bi kanturen arteko nahasketa da. Bizi mihisea abestiarekin hasten da diskoa, eta Nahigabe tatuatuak hirugarrena da. Bizitzan inkontzienteki barneratzen dugunaren inguruan aritu gara. Heziketatik hasi eta bizitzan zehar, nahi gabe, barnean tatuatuta geratzen zaizkigun horietaz. Abestietan planteatzen ditugun galderen bitartez, hausnarketarako bidea irekitzea da gure helburua.
Nola definituko zenuke diskoa?
Rock disko bat da. Gure musikaren inguruan galdetzen digutenean, rock alternatibo bezala definitzen dugu. Melodikoa da eta, aldi berean, indartsua. Beraz, rock alternatiboko diskoa dela esango nuke.
Abesti guztiak euskaraz sortutakoak dira.
Hiru taldekideon ama hizkuntza euskara da. Euskaraz komunikatzen eta harremantzen gara, euskaraz pentsatzen dugu, finean, euskaraz bizi gara. Hizkuntzaren garrantzia mahaigainean jarri behar dugu, gure mezua zabaltzeko tresna euskara baita. Kontziente gara beste hizkuntza batzuetan eginez gero, ate gehiago irekitzeko aukerak izango genituzkela, baina gure helburua inoiz ez da izan musikatik bizitzea edo musika diru iturri gisa ikustea. Beraz, ez dauka zentzurik oholtzara igo eta euskara ez den beste hizkuntza batean abesteak. Esan genezake hautu politikoa dela, agian, hasiera batean inkontzienteki hartutakoa, baina urteak igaro ahala berresten duguna. Guk ez badugu egiten, inork ez du egingo.
Ez duzue taldearen jarduna diru iturri bezala ikusten. Nondik egiten duzue musika?
Hasieran zaletasuna zena orain bizitzeko modu bat da. Pertsonalki, nire bizitza ez dut nahi musikarik gabe irudikatu. Taldeari dagokionez, gure helburua inoiz ez da izan musikatik bizitzea. Talde ezaguna izanez gero, diskoa saltzeko aukerak handituko dira, baina, bestela, oso zaila da taldea diru sarrera bezala ikustea; inoiz ez dugu horrela planteatu. Bizitza erdia musika jotzen gabiltza, eta ez dugu dirurik irabazi, eta irabazitako dirua taldearentzat izan da beti.
Aurreko barikuan aurkeztu zenuten lan berria, Portuko Ranpan. Nolakoa izan zen kontzertua?
Ikaragarria izan zen. Ehun lagun baino gehiago batu ginen, eta oso giro polita sortu zen. Taldekideok pila bat gozatu genuen. Beti izaten da berezia Portuko Ranpako oholtzara igotzea. Bertan entseatzen dugu, eta ondo ezagutzen ditugu bertako ertz guztiak: gure etxea da. Beraz, inguruko jendearekin inguratuta, kontzertu oso berezia izan zen guretzat.
Zergatik aukeratu duzue momentu hau diskoa aurkezteko?
Iazko apirilean grabatu genuen diskoa, baina uztailean taldekide bat aita izan zenez, geldialdia egin genuen. Denok geneukan buruan gutxi gorabehera geldialdia urtebetekoa izango zela. Portuko Ranpako ikasturteko azkenengo kontzertua aprobetxatu nahi izan dugu honetarako. Lehen diskoa ere antzera aurkeztu genuen, Ondarroako Gaztetxean, pandemiatik atera berri. Bertan bezala, oraingoan ere diskoa oparitu dugu, kontzertura joan zirenei esker ona emateko opari gisa.
Zein izan da diskoa grabatzeko prozesua?
Amaraun Arte Fabrikaren I. Maketa Lehiaketara aurkeztea erabaki genuen, horrelako proiektuak ere bultzatu behar direla uste dugulako. Hiru abesti bidali genituen eta, ikusleen bozka bidez, zuzenekoetara joateko aukera eduki genuen. Sailkatu egin ginen, beste bost taldegaz batera, eta irabazi egin genuen. Ez genuen espero, baina horrela izan zen. Bost egunez grabazio estudiora joateko aukera izan genuen sari gisa eta hor grabatu genuen sei abestiz osatutako diskoa.
Non entzun daiteke?
Plataforma digital guztietan dago; Shibari taldea jarri, eta disko biak aurkituko dituzue. Gehien erabiltzen dugun plataforma Bandcamp da eta bertan disko osoa deskargatu daiteke, nahi izanez gero, ordaindu ere bai. Diru hori taldearentzat izaten da.
Aurreko diskoarekin alderatuz, zein da desberdintasuna?
Lehenengo lana gogorragoa da. Zarata bietan dago, baina bigarren hau melodikoagoa da, eta denbora lasaiagoetan grabatuta dago. Lehenengo diskoa grabatu genuenean, bigarreneko abesti batzuk ere idatzita genituen. Beraz, desberdintasun horiek ditu, alde batetik, melodia eta, bestetik, indarra.
Hemendik aurrera, zer?
Gure helburua bigarren diskoa aurkeztu, eta beste kanta batzuk grabatzea da. Kontzertu batzuk lotuta ditugu: uztailaren 25ean Bilbon eta Oñatin egongo gara, abuztuaren 13an herriko jaietan; irailean, berriz, Saran.
[ENTZUN HEMEN Bizi mihisean nahi gabe tatuatuak]